Gaur inauguratuko dute Tolosako Jabetze Eskolako ikasleen lanekin osatutako erakusketa

Ataria 2022ko abe. 28a, 16:59

Aranburu Jauregian egongo dira ikusgai 40 ikasleren lanak urtarrilaren 17ra bitarte. 19:00etan, bertso musikatuen emanaldia eskainiko du Oihana Iguaranek.

Tolosako Jabetze Eskolak ikastaro eta tailer desberdinak antolatzen ditu urtean zehar eta aurten, iaz egin bezala, tailer horietan landutako ikasleen lanak ikusgai jarriko dituzte berriro Aranburu Jauregian. Sorkuntza artistikorako eta ikasleen ahalduntze indibidual eta kolektiborako hiru ibilbideren topagunea da erakusketa.

Ekimen arrakastatsua izan zen iazkoa eta harrera ona jaso zuen herritarrengandik. Hori aintzat hartuta, aurten, pintura, argazkigintza eta xilografia tailerretako lanekin osatu da erakusketa eta ikusgai egongo da Aranburu Jauregiko lehen solairuan urtarrilaren 17ra bitarte. Erakusketak 40 bat ikasleren lanak jasoko ditu eta zehazki hauek dira erakusketak jasoko dituen tailerretako lanak:

  • Xilografia tailerra (linoleo gainean): sormena eta aldarrikapenak
  • Emakume margolariak itzalean: piztu ditzagun argiak!
  • Argazkilaritza dokumentala begirada feministetatik

Erakusketa tailerretako irakasleek prestatu dute, ikasleen laguntzarekin: Oihana Ugarte Iriarte (Xilografia), Leire Markinez Calvo (Pintura), Ura Iturralde Larrañaga (Argazkilaritza).

Erakusketa pintura, argazkigintza eta xilografia tailerretako lanekin osatu da. Pintura lanen kasuan,  barne hausnarketa baten bidez, partaideek beren buruari ikusten dizkien indarguneak eta emozioak margotu dituzte, auto-erretratuak zein abstrakzioak, modu horretara autoezagutza eta kontzientzia handiagoa bereganatuz.

Argazkigintzari dagokionez, lanek Ouka Leele eta Vivian Maier argazkilariei egiten die omenaldia. Ikasleen argazki-auto-erretratuak izango dira, emakume argazkilari horien estiloa eta teknikak jarraituz.

Amaitzeko, xilografia lanetan, antzinako teknika honen bitartez, partaideek hitzak edo irudiak eskuz zizelkatu dituzte, hain zuzen beren ametsak, argi-ilunak, aldarrikapenak eta barne bidaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!