Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa izango da jokoan, Tolosan

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 26a, 19:59

II. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa antolatu du Oriako Txirrindulari Eskolak, eta bertan maila guztietako txirrindulariak txapelen bila lehiatuko dira, larunbatean

Oriako Txirrindulari Eskolak ziklo-kroseko II. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa antolatu du, eta bertan ere jokatuko da Euskadiko Txapelketa, maila guztietan. Abenduaren 31n, larunbatean, izango da proba, eta Tolosako Iurreamendi inguruan ariko dira txirrindulariak.

Aitor Iriartek, Oriako Txirrindulari Eskolako ziklo-kros batzordeko kideak, gogora ekarri du Tolosak ziklo-krosarekin duen lotura, eta 1960 eta 1981 urteetan Munduko Txapelketak jokatu zirela nabarmendu du. «Geroztik hutsune bat izan da ziklo-krosaren inguruan Tolosan, eta iaz Oriakok heldu zion berriro modalitate horri eta eskolako gazteak lasterketetan parte hartzen hasi ziren». Iurreamendin dagoen mendi bizikletentzako zirkuitua egokitu zuten, oztopoak-eta jarriz, entrenamenduak egin ahal izateko. «Arsuaga sendiak bultzatuta, ikusi genuen unea zela herriari ekarpen bat egiteko ziklo-kroseko lasterketa bat eginez, eta hortik iritsi zen iaz antolatu genuen I. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa».

Iazko proba hori maila txikienentzat mugatu zuten, kadete eta juniorrentzat, eta «oso balantze positiboa» egin zuten Oriakon. «Aurten argi genuen II. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa egiteko indarra eta gogoa genuela», zehaztu du Iriartek. «Aurten Gipuzkoari egokitzen zitzaion Euskadiko Txapelketa antolatzea, aukera hori eskaini zitzaigun, eta guk ilusio handiz heldu diogu».

Iriartek azpimarratu du herriari ziklo-krosa ekartzeaz gain, eta inguruko txirrindulari «onenak» herrian ikusteko aukeraz aparte, herrialdeko gazteei modalitate hori erakusteko aukera ematen duela. «Oso modalitate polita da ikusteko eta txirrindularitza bizitzeko, besteak beste, txirrindulariak sarri ikusten direlako proban zehar».

IBILBIDE OSOA

Ibilbideak 3,1 kilometroko luzera du, eta 100 metroko desnibel metatua. «Ibilbide osoa da, zati azkarrak eta oso teknikoak ditu, oztopo batzuk artifizialak eta errepide gune bat. Eta guretzako oso kuttuna den gune bat ere badu, keinu egiten diona azken Munduko Txapelketan ere egin zen aldapa behera bati. Aurreko urtean ere bertan pilatzen zen jendea, baduelako bere xarma», zehaztu du Iriartek.

Bere aldetik, Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak azaldu du iazkotik salto handia egin duela probak, besteak beste, aurtengoan maila guztiko txirrindulariek parte hartuko dutelako. «Espero dugu 250 txirrindularitik gora parte hartuko dutela guztira larunbateko probetan», esan du Aiertzak, eta nabarmendu du Oriakotik esfortzua egin dutela inguruko txirrindulariak ekartzeko: «Iñaki Murua, Eneko Arozena, Gorka Sorarrain daude izena emanda. Bestetik, profesionaletatik Unai Iribar eta Jonathan Lastra izena emanda daude, eta Ion Izagirre animatzen ari gara parte hartzeko». Emakumezkoetan Olatz Odriozola eta Ainara Elbusto izango dira faboritoen artean. Lasterketa streaming bidez emango da, Youtubetik, eta sare sozialen bitartez jakitera emango dute helbidea. Bestalde, Aiertzak eskertu die babesleei beraien ekarpena, eta gogora ekarri du probaren izena Garaje Tolosa Saria izango dela.

Raul Mena Euskadiko Txirrindulari Federazioko lehendakariak eskerrak eman dizkio Oriako Txirrindulari Eskolari txapelketa antolatzearen ardura hartu izana, eta jendeari deia egin dio larunbatean Tolosara azaltzeko. Bide beretik, Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindulari Federazioaren lehendakariak ere eskertu egin dio Oriakori txapelketaren antolakuntzarengatik, eta bereziki gogoan izan ditu boluntario ariko direnak eta babesleak. Fernando Arsuagak, Pablo Arsuaga zenaren semeak ere antolatzaileen lana eskertu nahi izan du: «Aurreko urtean nik pixka bat zirikatuta egiten hasi zirenaren ondoren, aurten salto handi bat eman dute. Nire aita zena gogora ekarriz, kirolari sutsua zen eta oso langilea ere bai, eta ikusten dut Oriakon kirolari asko daudela eta baita langileak ere».

Tolosako Udala proba antolatzen laguntzen ari da, eta Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak horrelako proben garrantzia azpimarratu du: «ez naiz nekatuko esaten kirola dela Tolosako gizarte bizitzaren motor garrantzitsu bat. Tolosa beti egon da lotuta kulturarekin, baina kirol jarduera oso garrantzitsuak ere antolatzen dira. Azken finean, kulturak eta kirolak bat egiten dute. Gutxik dute Tolosak duen kirol eskaintza, eta hori posible da elkarteen eta udalaren arteko elkarlanari esker».


ORDUTEGIA

  • 09:00. Master 40/50/60.
  • 10:00. Neska eta mutil kadeteak.
  • 11:00. Junior mutilak, eta open eta junior neskak.
  • 12:15. Open mutilak (elite eta 23 urtez azpikoak) eta Master 30.
  • 13:30. Sari banaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!