elkarrizketa

«Hiru urteko zikloa ixteko modua izango da azken kontzertua»

Leyre Carrasco 2022ko abe. 27a, 11:59

Alos Quartet talde tolosarraren Lau izeneko diskoaren birak ez zuen amaierarik izan. 2019an kaleratu zuen lana laukoteak, eta pandemia izan zuten tartean oztopo nagusia. Azkenean, zikloa ixteko aukera izango dutela kontatu du Xabier Zeberio (Tolosa, 1978) taldekideak, hiru urteren ostean, bihar, hilaren 28an, Leidor aretoko oholtzara igoko baitira berriro, Baionatik etorritako Bilaka dantza konpainiarekin batera.

Urtea bukatzeko bihar Leidorren emanaldi berezia eskainiko duzue. Zer dela eta?

Hiru urte igaro dira Tolosan azken kontzertua egin genuenetik. Otsail inguruan ikuskizun bat aurkeztu genuen Baionako antzokian, Bilaka izeneko bertako dantza konpainiarekin. Lau izeneko diskoaren zikloa ixteko asmoz suertatu zen emanaldi hura, atzetik pandemia etorri baitzen, taldearen 20. urteurreneko kontzertua eta beste hainbat gauza ere egin genituen. Lau diskoa oraindik ez dugu aurkeztu Tolosan. Beraz, Tolosan egingo dugun emanaldi berezia, Baionan egin genuen ikuskizun bera izango da.

Emanaldi berezi guztietan sorpresak egoten dira. Zuek ere izango duzue zerbait esku artean ezta?

Gauza bereziak egongo dira tartean. Bilaka dantza konpainiakoek, esaterako, koreografia berriak sartu dituzte, beraz, hori izango da berritasunetako bat. Mikel Urdangarinen parte hartzea ere izango dugu, eta beste hainbat partaide ere izango dira tartean. Aurrekoa izugarria izan zen. Sekulako oroitzapena dugu. Beraz hori berdintzen saiatu nahiko genuke.

Beraz, berritasunak ere izango dira.

Dantza izango dugu berritasun moduan. Normalean, Kimua dantza kolektiboarekin egin ohi dugu lan. Baina, Baionako antzokian aukera hau suertatu zitzaigun, hau da, ikuskizuna bertako dantza konpainiarekin moldatzeko aukera iritsi zitzaigun.

Aurretik elkar ezagutzen al zenuten?

Bai, beraiekin pila bat urte daramatzagu lanean. Ikuskizun askotan parte hartu izan dugu, gure musika erabili dutelako beraien ikuskizunetarako, baina ez dugu inoiz zuzenen beraiekin batera lan egin. Baionan egin eta gero, Tolosara ekartzea pentsatu genuen.


Oholtzan ez ezik, publikoaren artean ere gonbidatu bereziak izango dituzue; Tolosako Udal Musika Eskolako ikasleak, hain zuzen. Zer dela eta?

Duela hiru urte Leidorrera etorri ziren gurekin kantu bat jotzera, eta oso esperientzia polita izan zen. Beste musikari batzuekin zure kantu bat partekatzea oso motibagarria izan daiteke, eta guretzat berriz, oso esperientzia polita da zuzenean emateko aukera hori eduki izana. Egia esan hasiera batean ez genuen planteatu aurten berriro gonbidatzea, baina proposamena suertatu zen, eta hain oroitzapen ona genuenez, azkenean ikasle mordoxka bat animatu dira.

Zer esan nahi du zuentzat musika munduan murgiltzen ari diren hainbat ikaslerekin oholtza partekatzea?

Leidor bezalako antzoki batean musika talde profesional batekin jotzeko aukera hori izugarria da beraientzat, eta baita guretzat ere. Guk ere haiengandik asko jasotzen dugu. Oso kimika berezia sortzen da gure artean. Guk parte hartze hau beste hainbat lekutan ere egin izan ohi dugu. Ez beti, baina adibidez Gasteizko Principal antzokian jo genuenean kontserbatorioko ikasleak gonbidatu genituen. Arrasaten eta Lazkaon ere egin izan dugu. Dinamika ona dagoen lekuetan aukera suertatzen bada, beti animatu izan gara, eta pedagogikoki oso aberasgarria dela uste dut, gainera.

Nola bizi izan dituzue hiru urte hauek?

Guztiok bezala. Gure kasuan, pandemiak biraren erdian harrapatu gintuen, eta azken kontzertua izan zen Tolosan eman genuena. Horren ostean, egia da pare bat gehiago eman genituela. Zortea izan genuen konfinamenduaren ondoren nahiko azkar hasi baikinen kontzertuak ematen. Hori, agian, musika estiloarengatik izan daiteke, nahiko musika estilo lasaia jorratzen dugulako, eta hori nahiko egokia izan zen distantziak mantentzeko eta publikoa eserita mantentzeko. Orokorrean, oso ondo ibili gara, leku pila batetan jo dugulako eta hainbat proiektutan ere parte hartu dugulako. Film desberdinetako soinu bandak grabatzen ere ibili gara, tartean Akelarre, Irati eta Cinco lobito filmak. Lanean buru belarri aritu gara, beraz. Hiru urte oso kaotikoak izan dira, baina oso pozik gaude egindakoarekin.

Hiru urteko zikloaren amaiera izango da Tolosakoa. Aurrera begira proiektu gehiago ba al dituzue esku artean?

Hiru urteko zikloa ixteko modua izango da Tolosan egingo dugun emanaldi berezia. Hurrengo urteari begira badauzkagu proiektu gehiago, baina erritmoa jaitsi nahiko genuke. Urtarriletik aurrera, esaterako, beste bi pelikula dauzkagu grabatzeko, baita hainbat emanaldi ere. Udan Alemaniara joango gara kontzertu batzuk ematera. Beraz, gauzatxoak badauzkagu, baina lasaiago hartu nahiko genuke urte berria.

Orokorrean, zer ikusi eta entzun ahalko dugu, beraz, biharko emanaldian?

Alosen kontzertu berezi bat izango da, elementu berriekin. Azken batean, ospakizun moduko bat izango da. Hiru urte igaro ostean berriro ere Tolosan joko dugu, etxean. Bide honetan zehar leku askotan jo dugu eta gauza pila bat egiteko aukera izan dugu. Hiru urteko zikloa ixteko modua izango da azken kontzertu hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!