Elkarrizketa

«Urte batzuk aprobetxatzeko une egokian iritsi zaidala uste dut»

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 22a, 19:59

Argazkia: ESKU PILOTA

Udan trinketean maila ona eman ostean, Eneko Maiz billabonatarra profesional mailan ariko da. Lehen gipuzkoarra izango da pauso hori ematen, eta «ilusioz beteta» dagoela dio.

Trinketean eta eskuz profesional bihurtu da Eneko Maiz (Amasa-Villabona, 1996). Urtarrilean lehen partida ofiziala izango badu ere, datorren astelehenean txapelketa garrantzitsu baten atarikoa jokatuko du.

Azkenean iritsi zaizu profesional izateko unea.

Horrela da. Azken urteetan ikusi dut afizionatu mailan emaitza onak lortzen aritu naizela, baina azken pauso hori falta zen, profesional izatearena. Ikusi da uda ona egin dugula, eta bertako enpresak eta federazioak profesional izateko aukera eman didate, eta pozik eta ilusioz beteta nago.

Gipuzkoako lehen pilotaria zara profesionala izaten trinketean, ezta?

Ustez behintzat horrela izango naiz. Badaude nafar bat eta bi bizkaitar profesionaletan, eta egia esan, plazer bat da. Honen bidez, pilotazale guztiei eta haur guztiei, eta trinketa gustatzen zaien guztiei, animatzen diet entrenatzen segitzera. Iparraldean partida politak egoten dira, beste era batera bizitzen da trinketa, eta niri iritsi zaidan opari hau beste batzuei ere iristea espero dut.

Bidea egiten ari zara.

Oraindik 26 urte ditut, eta urte on batzuk izateko aukera dudala uste dut. Ea aprobetxatzen dugun, gorputzak eta eskuek arazorik ez badute ematen behintzat.

Noiz esan zizuten profesionalekin aritzeko gai zinela eta aukera emango zizutela?

Apirilean afizionatu mailako buruz burukoa irabazi ostean, segituan eman zidaten udaran profesionalekin entrenatu eta partiduak jokatzeko aukera. Nik ikusi dut udan maila ona eman dudala, hiru-lau txapelketa irabazi ditugu jokalari onenekin, eta uste dut Munduko Txapelketak ere bultzada eman zidala, finalera iritsi baikinen eta Frantziako selekzioaren aurka maila ona ematea lortu baikenuen. Enpresak nigan konfiantza jarrita zeukan, eta emaitza onak izan ditut udan, eta parte handi batean horrek eraman die profesional bihurtzeko aukera ematea.

Noiz izango duzu debuta?

Ofizialki lehenengo partida urtarrilaren 9an izango dut, Donibane Garazin, Frantziako Txapelketan. Batzuk berriak izango garenez, atariko moduko bat jokatu behar dugu txapelketan sartu aurretik. Baina, lehenik, datorren astelehenean, abenduaren 26an, Donibane Garazin buruz buru dagoen txapelketa garrantzitsuena den Superprestige izenekoan sartzeko atarikoa jokatuko dut. Eta partida hori niretzat oso garrantzitsua izango da.

Nola funtzionatzen du profesional izatearena Iparraldean eta trinketean?

Esku Pilota izeneko enpresa dago, eta enpresa horrek antolatzen ditu maiatzetik hasi eta abendura bitarteko txapelketa guztiak. Federazioak ere badu bere partea, berak ematen duelako baieztapena norbait profesional bihurtzeko. Orain urtarrilean hasten den txapelketa buruz burukoa izango da, eta gero binakakoa hasiko da. Horiek Frantziako Federazioak antolatzen ditu. Profesional izateak ez digu ziurtatzen, Hegoaldean bezala, soldata bat izatea, baina partida bakoitzeko jasotzen dugu dirua, eta ziurtatzen digute partida kopuru handi bat jokatuko dugula urtean zehar. Nik uste dut urte batzuk aprobetxatzeko une egokian iritsi zaidala aukera.

Zure lanbide nagusia izango da trinketeko pilotari izatea?

Behar Zanaren pilota eskolan umeak entrenatzeko ardura gehiena nik dut, eta egunero frontoian izaten naiz. Andoainen eta Donostian, pilotako klaseak ematen ditut bi ikastoletan. Momentuz pilota irakasle moduan eta pilotari moduan aritzea uztartuko dut. Denbora dezente libre izango dut, eta bi lanekin bizitza aurrera ateratzeko gai izango naiz.

Zenbat aldatuko zaizu egunerokotasuna?

Dedikazio gehiago eman beharko diogu entrenamenduei, partida guztiak oso gogorrak izango direlako, baina ez dit asko aldatuko. Umeekin berdin jarraituko dugu arratsaldeetan, epaile lanak egiten ere jarraituko dut, eta ikastoletan ere berdin ariko naiz; hori bai, bidaia gehiago egin beharko ditut. Entrenatzeko ere muga pasa beharko dugu, baina gogoz nago, partidak izango dira eta ea maila ona emateko aukera dudan hurrengo urtean.

Eskualdean Ametsa trinketa dago Iruran. Hor ere pasako dituzu ordu batzuk, ezta?

Bai, eta bertan ere aritzen gara elkarteko haurrekin entrenamenduak egiteko. Ari dira pixkana trinketeko jokoa ikasten, baina oso ezberdina da. Irurako trinketa eta Iparraldekoak ezberdinak dira, eta nik derrigorrez Iparraldean entrenatu beharra dut han maila eman nahi izanez gero.

Profesional bihurtuta, esklusibotasuna eskatzen dizute?

Bai, eskatzen digute. Noski, ez ditut jokatuko hemengo txapelketak eta ezker paretan. Agian udaran partidaren bat badago ezker paretan, abisua pasaz gero, utziko dute. Badakit trinketeko jokalariak plaza librean eta beste modalitate batzuetan ere aritzen direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!