ELKARRIZKETA

«Ez dakigu afizioa ofizio bilakatuko den»

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 26a, 07:59

Urtebete inguru daramate Eli Garmendia Erasok (Belauntza, 1996) eta Marta Garcia Odriozolak (Tolosa, 1990) EM Proiektuak egitasmoarekin. Argazkiak egurretara transferitzen hasi ziren; hori da bere produktu nagusia, eta orain gutxi Tolosan egin den Nomadak Gaitun! azokan parte hartu zuten postua jarriz.

Eskulanak gustuko dituzte eta lagunentzako egiten hasi ziren lanetatik abiatuta, beste dimentsio bat hartu du euren proiektuak, baina oraindik ez nahikoa ofizio bihurtzeko. Pausoz pauso joan nahi dute.

Zein izan zen EM Proiektuen abiapuntua?

Eli Garmendia Eraso: Beti izan naiz kuadrillako sortzailea, eta hortik hasita, lagunek galdetzen zidaten zer opari egin ahal zioten bikoteari edo beste lagun bati. Niri beti gustatu izan zaizkit eskulanak, eta bideoak ikusten eta irakurtzen, argazkiak egurrera transferitzeko eskulan honekin egin nuen topo. Lagunartean hasitako gauza bat izan zen.

Bakoitzaren izenaren lehen letra erabiliz osatu duzue egitasmoaren izena.

Marta Garcia Odriozola: Izenarena, oso originala, ikusten den moduan... Elik esan bezala, argazkiak egurrera transferitzen hasi ginenean, ikusita lagunak eskatzen hasi zirela, gu brometan hasi ginen esaten enpresa bat irekiko genuela, eta EM Proiektuak deitzen genion. Azkenean, bromaz broma, horrela geratu da. Eta egiten genuena polita geratzen zenez, erabaki genuen Instagram kontu bat irekitzea.

Zer eskaintzen duzue? Egurrean inprimatutako argazkia da zuen produktu izarra, ezta?

Garcia: Eli hasi zen lagunei bere argazkiak egurrera transferitzen. Probak egiten hasi zen eta hori egiten ikasi zuen. Lehen ideia hori zen eta orain arte horrelaxe aritu gara, lagunei, ingurukoei eta eskatu digun jendeari bere argazki propioak egurrera transferitzen. Baina beti izan dugu ikasteko gogo hori, eta animatu ginen gure diseinuak egurrera pasatzera. Baina hori izan da egin dugun azkeneko gauza. Azoka baterako deitu ziguten eta, noski, horretara ezin genituen argazki pertsonalizatuak eraman. Eta horri bueltak emanez, probak egiten hasi ginen gure diseinuak sortuz.


Eta beste zer produktu duzue? Erloju batzuk ere egin dituzue azoketarako.

Garmendia: Bai, azken azoka honen harira izan da hori. Pentsatu genuen ea zergatik ez genituen aterako gure diseinu propioak. Gu oso tolosarrak gara, eta Tolosako bilduma bat atera genuen. Tolosako Zerkausiko argazkia, edo Tolosa Uzturre ikusten dela ere. Horrez gain, Tolosako baldosa. Jendeak esan digu oso ideia ona dela baldosarena. Erlojua ere egin genuen. «Goazen probatzera» pentsatu genuen, eta egur zati garbi bat hartu genuen eta erloju bat jarri genion. Eta azoka horretan jende askok proposatu zigun argazkia eta erlojua, edo baldosa eta erlojua jartzeko, eta hor gabiltza. Bestalde, azokarako produktuak biltzeko paper berezi bat erabili genuen, garoatik eratorritakoa, Tolosako Paper Eskolako ikasleek sortutakoa.

Aipatzen duzuen azoka hori, Tolosan egin zen, Nomadak Gaitun! izenekoa. Bertara poltsak ere eraman zenituzten, ezta?

Garcia: Bai, poltsak eraman genituen, eta probak eginez, beste hainbat gauza ere eramango genituen. Eliri asko gustatzen zaio zeramika, eta hor dabil etxean saiatzen. Tolosako baldosak pertsonalitate handia du herrian, eta pentsatu genuen tote bag edo poltsetan ere jartzea. Serigrafia erabiliko ote genuen prentsatzen aritu ginen, eta azkenean lortu genuen inprimatzea beste artisau batek eskuz egindako zigilu bat erabiliz.

Nola transferitzen da irudi bat egur gainean?

Garmendia: Egur zati handiak erosten ditugu eta hasieran argazkia egokitzen genuen egurrera. Gero esan genuen bi neurri izango genituela, 15x20 eta 20x25 zentimetrokoak, eta bi neurri horiekin ariko ginela. Egur zatia mozten dugu eta bidaltzen zaigun argazkia inprimatzen dugu zuri-beltzean, egurrean presentzia gehiago duela iruditzen zaigulako. Eta gero behin egurra eta argazkia izanik, transferentziazko kola berezi bat ematen diogu argazkiari eta egurrean jartzen da, eta ordu batzuk lasai utzi behar da. Gero urarekin bustitzen dugu paper hori eta pixkana hasten gara altxatzen. Suabe joan behar da kentzen behatzarekin, oso azkar bazoaz edo indartsu egiten baduzu, argazkia altxa daitekeelako; beraz, egurra galtzen duzu eta berriro zerotik hasi behar duzu. Mimo askorekin egin behar den prozesu bat da, eta denbora behar da emaitza on bat atera nahi bada. Amaitzeko, berniz moduko bat ematen zaio, egurrak beste kolore bat hartzeko.

Eta non egiten duzue lan guztia?

Garmendia: Libre dagoen etxeko gela batean. Gonbidatuentzako ohe bat jarri beharrean, tailertxo bat jartzea pentsatu genuen. Egurra beste leku batean mozten dugu, soinuarengatik eta hauts asko ateratzen delako. Hasiera gela horretan egiten genuen, baina ezetz ikasi genuen, beste nonbaiten hasi ginen gerora. Beste prozesu guztia etxeko tailer edo gela horretan egiten dugu.

Garcia: Afiziotzat dugu eta gustura gaude. Oraintxe etxean egiten dugun zerbait da eta momentuz ondo doa.

Garmendia: Gure lanaz aparte denbora asko eskatzen digun gauza bat da. Egia da gustuko gauza bat dela, gogo handiarekin egiten duguna, eta kentzen digun denbora hori gustura eskaintzen diogu. Beraz, ez zaigu hainbeste kostatzen.

Garcia: Hori da, inbertituta geratzen den denbora bat da, gustura gaudelako.

Sormena lantzen duzue, eta horrek bere balioa du.



Garcia: Bai, noski. Batzuetan batek ditu ideiak, gero beste bati bururatzen zaio beste gauza bat... Normalean lehenengo ideia ez da finkatuta geratzen dena; gehitzen goaz, bueltak ematen goaz. Batek ideia eduki du, baina bestea da gaitasuna duena hori ordenagailura pasa edo bestelako zerbait egiteko. Ondo osatzen gara.

Nola iritsi zitzaizuen Nomadak Gaitun! azokan parte hartzeko aukera?

Garcia: Lagun batek esan zigun azoka bat zegoela. Berari brometan esaten diogu gure I+G dela. Azokaren berri ekarri zigun izen ematea ixteko bi egun geratzen zirela. Tolosan zela, eta ea interesatzen zitzaigun galdetu zigun.

Garmendia: Izena ematea pentsatu genuen, Tolosan izanik, eta gainera Dinagu kolektiboak antolatutako azoka da. Dinagu emakume sortzaileen kolektiboa da eta Tolosan egingo zenez, izena eman genuen. Beraiek aukeraketa bat egiten zuten, eta pentsatu genuen ez genuela ezer galtzen izena emanda. Hortik egun batzuetara gurekin harremanetan jarri ziren, esateko bi egunetako batean tokatu zitzaigula, eta gu oso pozik jarri ginen. Urduritasuna ere sartu zitzaigun, ideiak-eta pentsatzen hasi ginelako.

Lehenengo esperientzia zenuten azoka batean, ezta? Aurretik sare sozialetatik-eta jaso izan dituzue enkarguak?

Garcia: Oso afizio txiki bat bezala aritzen ginen. Sare sozialak toki askotara iristen dira, baina guk ez genekien egiten genuena ondo ote zegoen. Hor geneuzkan ordura arte egindako koadroak, gure lagunei egindakoak, eta norbaiti bururatzen bazitzaion gure Instagramera iristea, hor geunden. Baina oso gauza xume bat bezala genuen. Azokan oso harrera ona izan dugu eta oso pozik gaude.

Garmendia: Kuriositatea sortu du gure lanak, eta galdera asko egin dizkigute. Kontaktuak ere lortu ditugu, eta oso harrera ona izan dugu; honela, oso kontentu gaude emaitzarekin.

Inflexio puntu bat izan da azokarena?

Garcia: Beti gaude afiziotik ofiziora pasatzen den bide horretan. Uste dut badagoela puntu bat afizio izanik, serioa izaten hasten dela, zure beste lan orduetako denbora ere inbertitzen duzu, eta orduan zehazki ez dakizu non zauden. Ofizio izateko oraindik indar nahiko ez duen zerbaitetan gaude. Argi geneukan momentu batean ez bageunden prest edo ezin bagenuen, geldituko ginela. Apirilean gelditu behar izan ginen, ezin genuelako jarraitu, ez genuelako denbora fisikorik. Iraila arte-edo egon ginen eskaerarik hartu gabe, eta azoka honekin berriro ere bultzada hori jaso dugu, eta animatuta gaude. Agian planteatu behar dugu ofizio bilakatzea.

Eskaerak egiteko Instagram erabili behar du bezeroak, ezta?

Garmendia: Bai, formulario bat dugu bertan, eta hori betez egin daitezke eskaerak. Jendea ere gurekin jarri daiteke kontaktuan bai Instagram bitartez edo profilean daukagun helbide elektronikoaren bitartez. Webgunea buruan dugun ideia bat da, baina denbora behar da, ez gara oso adituak webguneak sortzen.

Aurrera begira nola joango den proiektua ikusgai dago.



Garmendia: Bai, ikusten poliki-poliki ikusiko da. Ea azokaren ondorioa izan den, edo denboran zehar mantenduko den ikusi behar. Ez dakigu afizioa ofizio bilakatuko den; momentuz gure denbora librean egiten dugun zerbait da eta gustura gaude.

Garcia: Probatu behar bada probatuko dugu. Baina azkenean ofizio bilakatzeko gauza gehiagori buelta eman behar zaio, eta oraintxe dagoen puntuan pozik gaude.

Artisautzaren egoera nola dagoen hausnartzeko aukera izan duzue?

Garmendia: Azoka honetan jende asko ezagutu dugu, gure postuaren ondoan saltzen zegoena-eta, oso jende jatorra. Egia da gehiengoak ibilbide bat egina zuela, gehienek denda fisikoren bat dute, webgunea ere bai, eta guk gure egoera kontatu ondoren, beraiek esaten ziguten horrela hasi zirela ere. Momentu bat izan zutela arriskatu egin behar izan zutena edo pauso bat gehiago eman behar izan zutena, eta hortxe zeudela, denda fisiko batekin, merkatutik merkatura eta webgunearekin. Egia esan, pozten zaitu ikustea jendea zu momentu honetan zauden bezala hasi zela, eta orain non dagoen. Animatzen zaitu. Gu pausoz pauso goaz. Ikusi dugu urtebetean aldaketak izan direla, azoka hau inflexio puntu bat izan da, eta momentuz pixkanaka goaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!