Bi urrezko domina eta bi gerriko beltz judo klubekoentzat

Ataria 2022ko abenduaren 21a

Bi urrezko domina eta bi ger 3 1671562236428
Bi urrezko domina eta bi ger 2 1671562236271
Bi urrezko domina eta bi ger 1 1671562235735

Dominak Nestor Gibelaldek eta Hodei Jauregik lortu dituzte Amurrioko txapelketan, eta gerriko beltzak Haritz Leundak eta Ibai Goenagak.

Urte amaiera oso ona izaten ari da Judo Klub Tolosarentzat, kirolariak esparru guztietan markatutako helburuak betetzen ari dira eta. Azaroaren 26an egin zen Amurrion kadete eta infantilentzako nazioarteko txapelketa. Bertan klubeko Estitxu Labaka, Ioar Olano, Inhar Leunda, Nestor Gibelalde eta Hodei Jauregi izan ziren.

Estitxu Labaka -57 kiloko kategorian aritu zen, txapelketari hasiera ezin hobea emanez, lehen borroka nagusitasunez irabaziz. Bigarren borrokan ezin izan zuen irabazi eta bigarren aukerara pasa zen. Tamalez, ezin izan zuen irabazi eta ondorioz txapelketako ohorezko postuetatik kanpo geratu zen.

Ioar Olano -50 kiloko kategorian lehiatu zen eta erritmo falta bazuen ere lehen bi borrokak ondo irabazi zituen finalerdietara pasaz. Finaletik gertu egonagatik ere, erritmo falta nabaritu zitzaion eta ezin izan zuen irabazi. Hortaz, brontzezko dominaren borrokara pasa zen, eta ondo hasi arren akatsak pilatzen joan zen eta ez zuen domina lortu.

Inhar Leunda -55 kiloko kategorian lehiatu zen eta ezin izan zituen lehen borrokak pasa. Hala ere hobekuntza nabaritu zitzaion eta entrenamenduetan erakusten duen judo ona erakusteko aukera izan zuen.

Nestor Gibelalde -66 kilokoan aritu zen eta zozketa konplexua tokatu bazitzaion ere, borrokak irabazten hasi zen eta arazo guztiei konponbidea aurkituz finalean sartu zen. Hemen ere bere eguna zela erakutsi zuen, urrezko domina lortuz.

Hodei Jauregi taldekideak ere egun borobila izan zuen -90 kiloko kategorian. Lan bikaina burutu zuen txapelketa osoan eta urrezko domina lortu zuen.

Bestalde, abenduaren 10ean Euskal Judo Federazioak Donostian antolatutako gerriko beltzeko azterketan klubeko Haritz Leunda eta Ibai Goenaga izan ziren. Azken hilabeteetan azterketa buru belarri prestatu eta gero, gai izan ziren urteetan ikasitakoa azterketan erakusteko eta arazorik gabe lortu zuten gainditzea. Modu horretan bi gerriko beltz berri gehitzen dira taldera. Klubetik «zorionik handiena» ematen diete kirolari guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!