Mugi txartela Tolosako Hiribusera iritsi da

Ataria 2022ko abenduaren 19a

Gaurtik aurrera, Mugi txartela hiribusean erabili ahal izango da. Orain arteko bonu zein txartelak ezingo dira berriro kargatu, eta urtarrilaren 31a bitartean gastatu beharko dira. Epe horretatik aurrera, soilik Mugi txartela edo esku-dirua onartuko dira Hiribusean. 

Tolosako Hiribusean Mugi txartela erabiltzen hasi dira gaur. Trantsizio epe bat egongo da erabiltzaileek egungo bonu edo txarteletik Mugi sistemara aldaketa egin dezaten. Epe hori urtarrilaren 31n amaituko da. Gero, Mugi txartela soilik erabili ahal izango da Hiribusean edo, esku-diruz ordaindu beharko da.

Mugi txartela Mugi.eus webgunean, Tolosaldea autobusetako bulegoan (Barrena kalea, 3) edota UDATEn eskatu daiteke. Horrez gain, txartela kargatzeko puntu desberdinak izango dituzte Tolosan erabiltzaileek: aurrez aipatutako hiruak (UDATEn txartelarekin soilik ordaindu daiteke), Iurre auzoko Eroskin, Korreo 42an, Zabala estankoan, Ross liburu-dendan edota San Frantzisko eta Gorritiko Kutxabank kutxazainetan.

Patxi Amantegi Tolosako ingurumen zinegotziaren esanetan, «garraio publikoaren sustapena ezinbestekoa da mugikortasun eredu jasangarriagoen alde urratsak egiteko eta ildo horretan, Mugi sistemaren integrazioa Hiribusean ezinbesteko pausoa da Tolosako garraio publikoa indartu eta modernizatzeko».

Udaletik gogoratu dute Mugi txartelak abantaila ugari eskaintzen dizkiela erabiltzaileei: «Alde batetik, sistema erabilerraza da, txartel bakarrarekin garraio publiko oro erabil daiteke. Gainera, eskualde barruko aldaketak autobus batetik bestera doan dira eta beste eskualdetara mugitzen diren autobusen aldaketak ere deskontu handiak dituzte».

Mugi txartelaren tarifikazioa, halaber, progresiboa da, hau da, zenbat eta gehiago erabili geroz eta merkeago dira bidaiak. Bestalde, prezioak eta deskontuak Gipuzkoa osoan berdinak izango dira, hau da, garraio publikoan, energiaren prezioaren igoera arintzeko ezarri diren laguntza eta deskontuak Tolosako Hiribusean ere aplikatu ahalko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!