«Ez dauka eskualdeko ospitale baten Plan Funtzionalaren itxurarik»

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 17a, 13:57

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak deituta, 'Osakidetza desegitearen aurka, osasun publikoaren defentsan' lelopean, elkarretaratzea egin dute Trianguloa plazan; herritar ugarik egin du bat deialdiarekin.

TOPA plataformak 12 urte daramatza honako eskubidea aldarrikatzen: «Hemen jaso nahi dugun osasun arretak EAEko gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren antzekoa izan behar du».

Azken urteetan, lehen arretaren kalitatea «jaisten» ari dela nabaritu dute. «Eta itxura guztien arabera, ez daukate egoera hau hobetzeko asmorik».

Azken aldian, zenbait arrazoi tarteko, Osasun Saila «albiste txarren eta istiluen iturri» dela adierazi dute, eta horrek balio izan diela herritarrei «garai batean euskal oasia izendatu zena egiaztatzeko» edo «Eusko Jaurlaritzaren altxorrik preziatuena» izan zena, «harri-kartoizko dekoratu bihurtu dela konturatzeko». Osasun Sailak han eta hemen arazoak dituela esan dute: «Bidasoan, Basurton, Santiagon, Onkologikoan, eta azken errematea: Donostialdeko ESIko zuzendaritzan izan diren kargu-uzteak eta dimisioak».

TOPAk uste du herritarrek «gero eta garbiago» dutela zer nolako osasun arreta jaso nahi duten eta zer nolakoa ez duten jaso nahi. «Egoera horrek haserrea eragin du eta horrek bultzatu gaitu elkarretaratze hau antolatzera, gure egonezina adierazi nahi dugulako, ematen ari diren osasun arretaren eredua dela-eta».

Tolosaldearen kasuan, gainera, arazoa «areagotu» egin dela nabarmendu dute, eskualdeko ospitale publikorik ez daukagulako, eta egin behar duten ospitale berriaren Plan Funtzionalari buruz jakin duguna eskas geratzen da, bai forman, baita funtsean ere».

Aurkeztu berri duten Plan Funtzionalari buruz kritiko azaldu da TOPA: «Eman duten informazio guztia folio bakar eta eskas batean kabitzen da. Ez dauka eskualdeko ospitale baten Plan Funtzionalaren itxurarik, Erresoluzio Handiko Zentro baten zirriborroaren tankera dauka gauza txiki bat gehituta: ospitalizazio medikuaren solairua. Eta ospitalizazio kirurgikoa non?», galdegin dute.

Ospitale berria martxan ikusteko «sei urte baino gehiago» beharko direla adierazi dute. «Eta badirudi haien asmoa dela, bitartean, osasun arreta eta arreta ospitalarioa Asuncion Klinikan jasotzen jarraitzea, bigarren mailakoa eta gainerako eskualdeetakoa baino arreta okerragoa, jasotzen jarraitzea, alegia», azpimarratu dute. «Ez ote du Tolosaldeak behar bezalako eskualdeko ospitalerik merezi? Folio bakar eta eskas bateko informazioarekin konformatu behar ote gara?», gaineratu dute.

Topak aurreratu duenez, datozen egunetan, prentsaurreko batean argituko du zirriborroak dioena. «Zerbait berria jakin ahala, informatzen jarraituko dugu, hori egin behar dutenek ez dute egiten eta», esanez amaitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!