Jendetza erakarri du Tolosako Gabonetako Azoka Bereziak

Ataria 2022ko abe. 17a, 15:52

Larunbateroko azokagileez gain, beste 70 postu izan dira herriko lau gunetan banatuta: Trianguloa plazan, Alondegia plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan.

Ikusmin handia pizten du urtero Gabonen atarian Tolosan ospatzen den urteko azken azoka bereziak. Aurten ere hala izan da. Askorentzat hitzordu klasiko bat da; izan ere, Eguberrietako otorduetarako erosketak egiteko aukera ederra da, kalitate oneneko jaki ugari topatu daitezkeelako.

Osagai asko izan ditu gaurko azokak: herrian zehar elikagaien eta artisauen dozenaka postu izateaz gain, abereak ikusteko edota pintxoak dastatzeko aukera izan da. Horrez gain, giro paregabea sortu da kalean, musikaz lagunduta. Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatzak parte hartu du aurtengo edizioan eta Tolosako Musika Eskolako ikasleen bandak kalejira egin du; Udal Txistulari Banda ere atera da kalera.

Aurten, larunbateroko azokako ekoizleez gain, beste 70 postu izan dira, azokako giroa herriko beste lau gunetara zabalduz. Zerkausian, Berdura Plazan eta Euskal Herria Plazan ez ezik, Trianguloa plazan, Alondegia plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan ere jarri dituzte postuak.

Trianguloan eta Alondegian, esaterako, elikagaiak izan dira nagusi, hogeita hamarna postu bilduz: gozoak, ahatekiak eta hestebeteak, lehenengoan; eta gozoak eta kontserbak, bigarrenean. Animaliak Plaza Zaharrean egon dira ikusgai. San Frantzisko pasealekuan, aldiz, artisauen postuak izan dira: egur tailak, bitxiak, pilotak eta egurrezko tresnak, besteak beste.

Azken urteotako ohiturari jarraituz, konpota banatu diete urte osoan zehar azokako hiru gune nagusietan egon ohi diren azokagileei. Urteko azken bi azokak Eguberri bezperan (abenduaren 24an) eta urte zahar egunean (abenduaren 31n) ospatuko dira, larunbatez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!