Gaur eman diote amaiera Herrikideko bizikidetza programaren lehen zatiari

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 16a, 17:09

Ikasketa prozesuaren amaiera ekitaldia egin dute ikastetxean; 60 lagunek parte hartu dute saioan, eta aurrerantzean programa lantzen jarraituko dute.

Duela ia bi hamarkada, adimen emozionala, bitartekaritza eta bizikidetza lantzen hasi ziren Herrikide Ikastetxean, bertako ikasle eta irakasleak. Ikastetxean bertan, ikasle bitartekariak, ikasle bitartekari laguntzaileak eta ziberkideak izaten dituzte ikasturtero. Aurten ere hala eman zioten hasiera ikasturteari, eta gaur egin dute ikasketa prozesuko amaiera ekitaldia; ikasle bitartekarien eta bitartekari laguntzaileen formakuntzari amaiera eman diote, beraz.

Joseba Antxustegietxarte ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, «aitzindariak» dira Gipuzkoa mailan, duela 16 edo 17 urte hasi ginelako. «Formatutako irakasleak ditugu, esperientzia handia dutenak». Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak formatzen dituzte, ikasleek eguneroko bizikidetzan gertatu daitezkeen gorabeherak kudeatu ditzaten. Jolas orduetan, esaterako, bitartekari lanak egiten dituzte zenbait ikaslek. «Arazoren bat sortzen bada, ikaskideek beraien laguntza eskatzen dute, hori konpontzeko». Dagoeneko amaitu dute fase hori, eta orain jarraipena emango diote lanketari.

Gaurko ekitaldian, egungo ikasleez eta bitartekariez gain, ikastetxean bitartekari izandako ikasle ohiek ere parte hartu dute; guztira, 60 lagun bildu dira. «Ikasle gazteentzat oso aberasgarria da hori», nabarmendu du zuzendariak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!