Eguberrietarako egitarau zabala antolatu du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko abe. 16a, 15:59

Desfileak, haur parkea, gazte astea, 17 kultur ekitaldi, zine eskaintza berezia eta kirol ekimenak izango dira larunbat honetan hasi eta Errege Egunera bitarte.

Larunbat honetan, Gabonetako azoka berezia ospatuko da Triangulo plazan, Alondegian, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko pasealekuan. Azoka berezi honetan, larunbateroko azokako ekoizleez gain, beste 70 postu izango dira.

Udalak egitarau berezia antolatu nahi izan du haurrentzat. Horrela, Gabonetako egitarauaren baitan, aurten, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen desfilea berreskuratu dituzte eta guztiak Gure Zirkuan ikusteko aukera ere izango da, inolako gonbidapenen beharrik gabe. Hilaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi izango dira bertan eta urtarrilaren 5ean Errege Magoak. Bi kasuetan bisitaldiak goizez egingo dira, 11:00etatik 14:00etara eta sarrera librea izango da.

Horrez gain, Olentzaroren basoa ekimena ere aurrera eramango da, haurrak Olentzeroren etxea ezagutu eta honek islatzen duen magia inoiz baina gertuago senti dezaten. Egun hauetan itxita dago parkea, prestaketa lanak direla eta. Era berean, jai egunak modu dibertigarrian pasa ditzaten Gure Zirkuko hainbat emanaldi antolatu dira eta hilaren 26tik 30era bitartean haur parkea ere egongo da Zerkausian, goiz zein arratsaldez, doan. Tutik Clown pailazoen saioa eta Go!azen emanaldia ere izango dira.

Horrekin batera, jaiotza lehiaketa edota gazte astea (Gazte Topagunean) ere ospatuko dira. Azken honetan, futbolin txapelketa, Txuri-Urdin izotz jauregira edo laser parkera irteera edo urte amaierako festa egingo dituzte. Izena emateko azken eguna abenduaren 18a izango da. 

17 ekitaldi

Kulturak ere leku berezia hartu du Gabonetako egitarauaren baitan, eta guztira 17 kultur ekitaldi desberdin antolatu ditu udalak, haur, gazte zein helduei zuzenduta. Kutsidazu bidea, Ixabel musikala, Alazne Etxeberriaren bakarrizketa, Verde Prato edo Alos Quartet taldeen kontzertuak, Euskaldiko Gazte Orkestraren eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren kontzertua edota Elvis Gospel emanaldia dira, besteak beste, antolatutako ekitaldietako batzuk.

Horiez gain, noski, Musika Eskolako ikasleen kalejira izango da abenduaren 17an, eta Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua eta kalejira hilaren 24an; hilaren 31n (urte zahar egunean) ere kalejira egingo dute; Hodeiertz abesbatzak ere Gabonetako kontzertu berezia egingo du. Era berean, Topic-en ere beste hainbat kultur ekitaldi izango dira.

Zinema eskaintza berezia

Zinemari dagokionez, Gabonetako egitarauak eskaintza berezia jasotzen du: La vida padre, Joaquin Sabinaren dokumentala, Vasil, Reyes contra Santa, edo Tori y Lokita dira filmetako batzuk. Sarrerak Leidorreko leihatilan edota www.tickets.kutxabank.es webgunean eskuratu daitezke. Prezioak 4,2 eta 5,3 eurokoak dira.

Gabonak ere, kirolean

Egitarauak, halaber, hainbat kirol ekintza ere jasotzen ditu: Gabonetako Shanti areto futbol txapelketa abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra jokatuko da, Elkartasun Krosa abenduaren 31n, eta egun berean, Euskadiko Ziklokros txapelketa jokatuko da.

Merkatu Txikia bueltan

Aipatutako guzti horrez gain, Laskorain Ikastolak antolaturiko Merkatu Txikia berreskuratu dute aurten eta ohikoa den bezala, kultur etxeko beheko solairuan egingo da, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara.

Hilaren 20tik 23ra kultur etxean bertan jasoko dira salmentan jarriko diren produktuak, 17;30etik 18:30era eta lortutako dirua Zutani, Ibarrako Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin Gobernuz Kanpoko Erakundeen artean banatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!