Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Sailaren informazioa jasota, HAPOaren aldaketa berrarabiarazi du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko abe. 15a, 13:59

Tolosako Udalak partaidetza prozesua eta dokumentuaren idazketa abiaraziko ditu; datorren urtean bi saio ireki egingo dituzte herritarrekin.

Azaroaren 30ean iragarri zuen Osasun Sailak ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa eraikiko duela Tolosan. Abenduaren 12an, Osasun Sailak aurkeztu zuen Tolosako Udalean HAPOaren aldaketarekin aurrera jarraitzeko beharrezko informazioa, eta hortaz, datozen asteetan berrabiaraziko du prozesua udalak. Osasun Sailak jakinarazi du hurrengo urratsa proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lizitazioa abiaraztea izango dela. Horretarako urte beteko epea ezarri dute.

Udalak, bere aldetik, HAPOaren aldaketa berrabiaraziko du. Osasun Sailetik jasotako informazio urbanistikoa oinarritzat hartuta jada onartutako parte hartze programaren baitan, datorren urtean 2 saio ireki egingo dituzte herritarrekin. Lehen saioa, dokumentuaren idazketaren hasieran egingo da, diagnostiko teknikoa osatzeko herritarren aldetik egon daitezkeen ekarpenekin eta bigarren fasean berriz, hirigintza dokumentua aurkeztuko da. Aurreikuspena da, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan dokumentua behin behinekoz onartua egotea.

Orain arteko prozesua

Tolosako Udalak legealdi hasieratik udalerrian eskualdeko ospitalea kokatzeko lanean dihardu. 2020an abiatu zuen kokapen aukera ezberdinei buruzko azterketa. Lan horrek bi fase izan zituen. Lehen fasean, 13 kokaleku aztertu zituen; bigarren fasean, aldiz, 4 kokapenen inguruko azterketa sakona egin zuen behin betiko kokapena zehazteko. 

Azterketa xehatu horren ondorio eta emaitzak kontuan izanda, eta irizpide ezberdinak kontuan hartuz (irisgarritasuna, mugikortasuna, herritarrenganako eraginak) ondorioztatu zuen suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekua zela ospitale publiko berria kokatzeko eremurik egokiena. Hortaz, azterketa sakon horren emaitza nagusiak jarraituta finkatu zuen ospitale publikoa eraikitzeko eremua, Osasun Sailarekin elkarlanean eta bere oniritziarekin. 

Behin betiko kokapena erabakita, udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala abiarazi zuen 2021ean, HAPOak berak suhiltzaileen etxe pareko eremuan ospitale publikoaren eraikuntza aurreikusi zezan.

Iazko iraileko osoko bilkuran onartu zuten Plan Orokorreko 24. Iurre Hirigintza Esparruko Aldaketa Puntuala proiektua martxan jartzea eta dagozkion txosten sektorialak eskatzea. Era berean, herritarren partaidetza bermatzeko parte hartze programa ere onartu zuten bilkura hartan. Geroztik, txosten sektorialak bideratzen aritu da udala. Parte hartze programa eta aldaketa puntualerako dokumentuaren idazketa martxan jartzeko, Osasun Sailari zuzendu zaio, ospitale berriaren azalerak jasotzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!