Bigarren itzulian partidak biribiltzeko irrikaz

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 15a, 17:00

Tolosa CF Eskubaloia emakumezkoen lehen taldea. HARITZ MAYORGA

Zortzigarren postuan dago Tolosa CF Eskubaloia emakumezkoen lehen taldea. Garaipen gehiago lortzeko gogoz daude taldekideak.

Tolosa CF Eskubaloia emakumezkoen lehen taldea Gipuzkoako lehen mailan lehiatzen da eta egun sailkapeneko zortzigarren postuan dago, bederatzi jardunaldi jokatu ondoren. «Partida gutxi irabazi ditugu, hiru garaipen bakarrik lortu baititugu, baina ez da izan partidak galdutzat eman ditugula», esan du Nerea Esnaola kapitainak. «Galdu ditugun partida guztiak gol bat edo birengatik galdu ditugu. Bestalde, hain gutxigatik galtzeak ere min egin digu». Ligan dauden taldeek maila antzekoa dutela gaineratu du: «Hori batzuetan onerako izaten da, baina beste batzuetan min egiten du, ez baitakizu zeinen aurka hanka sartu dezakezun».

Egun lehen postuan dauden bi taldeen aurka, adibidez, gol bat eta birengatik galdu zuten. «Ez dago hainbesteko aldea, beraz, lehenengoaren eta zortzigarrengoaren artean», zehaztu du Esnaolak, «baina partida ez bazaizu biribila ateratzen bi puntuak lortzea zaila da, eta gero sailkapenean horrek du pisua».

Denboraldi honetan Slava Kobin dute entrenatzaile moduan. «Denboraldi erdia baino gehiago falta zaigu, eta borrokatzen jarraitzeko garrantzitsuena da animatuta egotea eta sinistea talde denen aurka partida onak egiteko aukera dugula. Entrenatzaileak mezu horri ematen dio indarra, jarrera mantentzeko, partida lehenengo momentutik bukaerara arte borrokatzeko eta ez galtzeko lehiatzeko esperantza hori», esan du Esnaolak.

Denboraldi hasieran sailkapeneko lehen postuetan egoteko helburua jarri zuten, baina orain beraien asmoa da taulan «postu txukun bat lortzea», esan du Esnaolak. «Bigarren itzulian orain arte ondo egin duguna mantendu nahi dugu, eta lehen itzulian biribildu ez ditugun partida horiei bukaera on bat ematea». Asteburu honetan Munttarpe taldearen aurka dute partida. «Seniorretan gaudenetik beraien aurka jokatu izan dugu, eta oso talde gogorra da. Jende oso heldua eta eskarmentua duena dute taldean, eta oso gogor aritzen dira erasoan eta defentsan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!