Goiko bi postuetara begira jarri da taldea

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 15a, 15:00

Tolosa CF Eskubaloia gizonezkoen lehen taldea. JAVI ELOLA

Egun laugarren postuan dago Tolosa CF Eskubaloia gizonezkoen lehen taldea, azken sei partidak irabazi ondoren.

Tolosa CF Eskubaloiaren gizonezkoen lehen taldea 1. Maila Nazionaleko laugarren postuan dago hamahiru jardunaldi jokatu eta gero. «Hasiera arraro samarra izan bagenuen ere, orain sailkapenean ematen ari gara eman beharreko itxura», esan du Ander Uranga taldeko kapitainak. Goiko postuak gertu dituztela gaineratu du: «Denboraldi hasieran zehaztu genuen helburura gerturatzen ari gara, nahiz eta hasiera batean pixka bat urrundu zitzaigun jardunaldi txar batzuekin. Baina hor gaude berriz borrokan, eta gustura gaude».

2022-2023 denboraldirako helburuei buruz hitz egin zuten taldekideek udaran, Urangak esan duenez: «Talde gaztea gara, baina urte batzuk daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta gora begira jarri behar genuela esan genuen. Orain laugarren postuan finkatu gara baina anbiziotsuak izan nahi dugu, eta zergatik ez hirugarren edo bigarren postu batekin amestu». Igoera fasera lehen bi taldeak sailkatzen dira, eta aukerak ikusten dituzte postu horien borrokan aritzeko: «Zailena lehen itzulian egin dugu, talde gogorrenen aurka etxetik kanpo jokatu dugu eta orain talde horiek Usabaldik pasa behar dute eta ez da kantxa erraza. Gu oso eroso sentitzen ari gara etxean eta harri pusketa gogorra izango gara beraientzako».

Taldean aurrez izan ziren bi jokalari itzuli dira, Asier Zubiria eta Mikel Mindegia, eta bi jokalari ere iritsi dira: Ander Egaña eta Raul Olalla. Horrez gain, jubenil taldetik eta bigarren taldetik zenbait jokalari ere aritzen dira lehen taldearekin entrenatzen eta tarteka partidetan jokatzen dute.

Azken sei partidak irabazita igo dira laugarren postura, eta asteburu honetan Ilcapo Hondarribia Bidasoa taldearen aurka dute partida, etxetik kanpo. «Partida oso zaila daukagu. Aurreko urtean sekulako pasada eman ziguten Hondarribian eta aurten espero dugu horrelakorik ez izatea», esan du Urangak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!