Bihartik aurrera eman daiteke izena Iurreamendi eta San Kosme eta San Damian eremuetako etxebizitzetan

Ataria 2022ko abe. 14a, 17:58

Xabier Balerdi etxebizitza zinegotzia Udaten. TOLOSAKO UDALA

60 etxebizitza tasatu eraikiko ditu Tolosako Udalak eremu horietan. Etxebizitza alorrean azken urteetan abiatutako lan lerroen baitan, «mugarri berri eta garrantzitsua» dela adierazi du Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak.

Bihar bertan zabalduko du Tolosako Udalak herrian eraikiko dituzten 60 etxebizitza tasatu berrietan izena emateko epea. Izen-ematea abenduaren 15etik urtarrilaren 20ra bitarte egin ahal izango da, bi modutara:

  • Telematikoki: Udalaren egoitza elektronikoa, BAkQ edo beste edozein ziurtagiri digitalaren bitartez.
  • Modu presentzialean Udaten, Herritarren Arreta Zerbitzuan (Plaza Zaharra 6, A). Herritarrei erraztasunak emateko, Etxebizitza Bulegoa kokatutako dute bertan. Aurretik hitzordua hartzea derrigorrezkoa da. Aurretiazko zita eskatzeko: etxebizitzatasatuak@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidali edo 943 654 466 edo 010 telefono zenbakietara deitu behar da, 907 luzapena sakatuta.

Deialdiei buruzko informazio guztia (baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskaera orri ofiziala, etxebizitzen salmenta prezioak, zozketari eta zerrendei buruzko informazioa…) herritarren eskura jarri da udal webgunean.

Etxebizitzen informazioa

Zozkatuko dituzten etxebizitza tasatuen programa honela dago banatua:

  • Hiru logelako 38 etxebizitza.
  • Bi logelako 19 etxebizitza.
  • Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako 3 etxebizitza, bina logelakoak (etxebizitza egokituak).
  • Etxebizitza guztiek izango dute garajea eta trastelekua.

Iurreamendi pasealekuan eraikiko dituzten 40 etxebizitzetatik 27, araubide bereziko oinarrien bidez esleituko dituzte, gainerako 13ak, araubide orokorreko oinarrien bidez. San Kosme eta San Damian eremuko etxebizitza guztiak oinarri orokorren bidez esleituko dituzte, Tolosako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantzari eta Plan Orokorrak zehazten dituen oinarriei jarraituz.

Etxebizitza guztien gehieneko salmenta-prezioa 2022ko ekainaren 30eko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura bizitokien kanona zehazten dituen arautegiaren araberakoak izango dira.

Etxebizitzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero (planoak, orientazioa, kokapenak, logelak, materialak, eraikuntza zein etxebizitzen  gaineko informazioa....), Iurreamendikoen kasuan, Sukia enpresaren webgunea bisitatu, 943 302 912 telefono zenbakira deitu edo horretarako bereziki Sukiak ireki duen bulegora (Nafarroa etorbidea 6) joan behar da. San Kosme eta San Damian eremuko etxebizitza tasatuen kasuan, esteka honetan klik egin behar da.

Eskatzaileek bete beharreko baldintzak

Etxebizitza tasatuetan izena emateko, eskatzaileek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

  • 1. taldea: Bizikidetza-unitateko kide batek gutxienez honako baldintzaren bat bete behar du:
    • Tolosa izatea ohiko bizilekua eta bertan erroldatuta egotea, azken 15 urteetatik gutxienez 3 urtetan.
    • Tolosan lan egitea azken 5 urteetatik 3tan.
    • 15 urtez Tolosan erroldatuta bizi izana.
  • 2. taldea: Bizikidetza-unitateko kide batek, Tolosa izatea ohiko bizilekua eta urte betez bertan erroldatuta egotea, gutxienez.
  • 3. taldea: Tolosaldeko 28 udalerrietako batean bizitzea.
  • 4. taldea: udal etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emanda dauden gainerakoak.

Horrez gain, beste baldintza batzuk ere bete behar dituzte:

  • Etxebizitzarik jabetzan ez izatea.
  • Errentari dagokionez, gutxieneko eta gehieneko diru sarrerak izatea:
    • Araubide berezian: gutxienez 25.000 euro eta gehienez ere 50.700 euro.
    • Araubide orokorrean: gutxienez 25.000 euro eta gehienez ere 58.500 euro.

Eskabideen kopuruak etxebizitza kopurua gainditzen badu, aipaturiko sailkapenean adierazitako lehentasun ordena jarraituko da esleipenean, tolosarrei lehentasuna emateko helburuarekin.

Etxebizitza alorrean urrats berria

Udaletik adierazi dutenez, etxebizitza tasatuen deialdiekin, «urrats berria» eman dute etxebizitza alorrean. «Azken urtetan lan lerro ezberdinak abiatu ditugu tolosarrei etxebizitza sarbidea erraztu eta aukera berriak eskaintzeko. Besteak beste, alokairu ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria sortu dugu eta etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko diru laguntza egokituko dugu, laguntzak eraginkorragoak izan daitezen, etxebizitza hutsak merkaturatzeko», azaldu dute.

Auzo eta gune berrien sorrerari lotuta, hirigintza garapena sustatzen ari da udala azken urteetan. «Epe motz eta ertainean 400 etxebizitza baino gehiago eraikiko ditugu Tolosan, horietako asko, babestuak eta alokairuan, Tolosan dagoen etxebizitza premiari aurre egiteko eta erantzuteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!