San Esteban auzoko parte hartze prozesuko lehen saioa, astelehenean

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 15a, 07:57

Informazio saioa auzo elkartean egingo dute, hilaren 19an; urtarrilean bi tailer egingo dituzte ekarpenak jasotzeko.

San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako parte hartze prozesuko lehen saioa egingo dute datorren astelehenean, hilaren 19an. San Esteban auzo elkartean izango da, 18:30ean hasita.

Lehen informazio saioan diagnosiaren laburpena egingo dute eta auzoaren garapenerako landutako antolamenduaren gidalerroak partekatuko dituzte herritarrekin eta auzotarrekin. Proposamen guztiak izango direla bideragarriak esan dute udaletik, egungo hirigintza eskakizun, indarrean dagoen legedi eta genero eta ingurumen irizpideetara egokitutakoak.

Informazio saioaren ostean, diagnosi eta proposamenen inguruko panel informatiboak kokatuko dituzte Ferialekuko sarreran eta urtarrilean ekingo zaie lanketa tailerrei ekarpenak jasotzeko. Tailerrak urtarrilaren 9an eta 16an egingo dituzte, San Estebango auzo elkartean, 18:30ean hasita.

Bigarren fasean, jasotako ekarpenak aztertu eta horiek erantzun ostean, jendaurrean jarriko dute garatutako dokumentua. Une horretan, hirugarren tailer irekia egingo dute, dokumentua bera azaltzeko. Epe hori igarota, berriro ere, herritarrek egindako ekarpenak teknikoki aztertuko dituzte eta azken itxiera saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!