Andu Martinez de Rituerto izango da Tolosako EH Bilduren alkategaia udal hauteskundeetan

Ataria 2022ko abe. 13a, 19:59

Alderdiak gaur egin du aurkezpen ekitaldia Zerkausian. Martinez de Rituertok nabarmendu du duela lau urte aipatu zituen arazoak «ez direla gehiegi aldatu, okerrera ez bada». 2019an ere aurkeztu zuen bere burua, baina ez zuen alkate izatea lortu.

«Ohorea eta ardura handia» dela adierazi du Martinez de Rituertok, baina «gogoz eta indarrez» heltzen dio. «Erronka ederra da, tolosar orok, bizitza duin eta aberasgarria aurrera eramateko aukerak sortzeko, justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri libre eta solidarioa egi bihurtzeko», gaineratu du.

Azken lau urteetan udal administrazioa gertutik ezagutu du EH Bilduko bozeramaileak. «Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika eraldatzea eta herritarrengandik gertuko kudeaketa partekatua egitea. Osatuko dugun taldearekin eta tolosarron laguntzarekin alkatetza lortuko dugu amesten dugun Tolosa egi bihurtzeko».

Martinez de Rituertok nabarmendu du duela lau urte aipatu zituen arazoak «ez direla gehiegi aldatu, okerrera ez bada». Honako proiektuak izendatu ditu: «San Esteban geldirik legealdi osoan, Alde Zaharrari ez zaio ezertxo ere erreparatu, Zumarditxikia eta aparkalekuei azken unean heldu nahi izan zaio nahiko era baldarrean, osasungintza maldan behera eta ospitalea irudikeria bat, burujabetza energetikorantz pausorik ez, etxebizitza politika errealistarik ez, zaintza ereduaren pribatizazioren sakontzea, herriko merkataritza suspertzeko ekintza sendorik ez eta Lehen Sektorea ahaztuta».

Desberdintasun sozialen arrakala «handitu» egin dela eta pribatizazioaren gogoa eta oinarrizko eskubideen merkantilizazioa «geroz eta gehiago indartu» direla esan du alkategaiak. Egoera honen aurrean, EH Bilduk «bide orri argia» duela azaldu du: «zerbitzu publikoak indartzea eta herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzea».

Ondorioz, Tolosak «norabide aldaketa behar duela» esan du Martinez de Rituertok: «Horretarako, tolosar guztiak ezinbestekoak zarete. Izan ere, gutako bakoitzak osatzen dugu Tolosa eta, horregatik, guztiak gonbidatu nahi zaituztet Tolosako EH Bildu osatzera. Elkarrekin Tolosa justuagoa eta hobea lortuko dugu».

Kalean egin nahi dute Tolosa

EH Bilduko kideek ez dute bulegotik egiten den herririk nahi. «Kalean egin nahi dugu, tolosar guztiekin, herritik eta herriarentzat. Horregatik, guztion ekarpenak, ideiak eta proposamenak jaso nahi ditugu, orain arte bezala. Kalean, batzar irekietan, auzo elkarteetan, kirol taldeekin, kultur eragileekin, gizarte babesa ematen duten taldeekin, norbanakoekin. Denon artean Tolosa justuagoa eta hobea egiteko, inor atzean utziko ez duen herriaren alde egiteko».

EH Bilduren iritziz herritarrek izan behar dute «behetik gora egin behar dugun aldaketaren motorra». Hori lortzeko, oinarrizko beharren merkantilizazioaren aurrean lankidetza publiko komunitarioa bultzatzea, zerbitzuen pribatizazioaren aurrean eskaintza publikoa handitzea, goitik beherako erabakien aurrean benetako parte hartzea bermatzea eta indibidualismoaren aurrean komunitate izaera indartzea «beharrezkoa» dela esan dute.

«Herriari emana»

Aitana Amondarain egungo zinegotziak aurkeztu du hautagaia. Bere hitzetan «entzule aktiboa» da Martinez de Rituerto: «Epaitzen ez zaituena, laguntzeko beti prest dagoena, bideak zabaltzen eta zubiak eraikitzen une oro. Bidelagun eta langile amorratua da. Ilusioa pizten du, herdoildutako joerak aldatzeko olioa baita, trinkoa zena malgutzeko gai, goxoa, gertukoa, entzuteko abilezia duena, elkarrizketarakoa, enpatikoa, hutsuneetan begia jartzekoa eta ilunari argia emateko pertsona. Eredu berri bat, politikagintzan, herrigintzan, harremanean». Azken ia lau urteetan «herriari emana» egon dela gaineratu du: Tolosa justuago, askotarikoago, euskaldunago, berdinzaleago, kritikoago, sortzaileago, ekologikoago eta feministago baten alde lanean aritu da».

Ikasketaz Gorputz Heziketan Lizentziatua da Martinez de Rituerto, eta 30 urtez Eskola Publikoan irakasle izan da. Horrez gain, Euskadiko Mendizale Federazioko idazkaria izandakoa, Tolosako Alpino Uzturre eta Toloboleieko bazkidea, Tolosako Zumardia proiektuaren bultzatzaileetako bat, natur balioen defentsaren aldeko mugimenduetan ibilia, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea emateko Elkarri gizarte mugimenduan parte hartutakoa, eta intsumisioaren aldeko mugimenduaren militantea izan da, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!