ELKARRIZKETA

«Oinetako txarrari zaila da konponketa ona egitea; onari edozer egin dakioke»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 18a, 07:59
Fermin Usandizaga Altuna Tolosako Korreo kalean duen Aguro dendan. E. MAIZ

Berrogei urte daramatza Fermin Usandizagak Tolosan zapatak konpontzen; lanbidea eta gizartea asko aldatu direla aitortu du, eta egun zapatak konpontzetik soilik ezin du atera hilabeteko soldata.

Fermin Usandizaga Altunak (Andoain, 1965) berrogei urte daramatza oinetakoak konpontzen. Bost pertsonak lan egitetik bakarrik aritzera pasa da Korreo kalean duen dendan. Egun zapatak konpontzetik bakarrik ezin du atera soldata, eta konponketak egiteaz gain, giltzak, zorrozteko makina eta beste hainbat material jarri behar izan ditu salgai.

Noiz hasi zinen zapata konpontzaile bezala lanean?

Orain dela berrogei urte hasi nintzen zapatak konpontzen. Osabak oinetako denda bat zuen Errementari kalean, eta 17 urte nituenean ea ofizio honetan hasi nahi nuen esan zidan. Bertan hasi nintzen lanean. Beste konpontzaile bat ere bazegoen Kaietano Moreno, eta bere alaba eta horren semeak ere egiten zuten lan; bost pertsona ginen.

Bost pertsonarentzako adina lana izaten zen?

Bai. Eta gorago Urkola izeneko beste konpontzaile bat izaten zen, eta beherago beste bat, ezkaratz batean, Kojo deitzen genion. Tolosako Errementari kalean bertan, orain berrogei urte, hiru toki zeuden oinetakoak konpontzeko bakarrik.

Orduan orain baino ohitura handiagoa zegoen oinetakoak konpontzeko?

Bai, eta kalitatezko oinetakoak ziren. Lehen oinetakoak konpondu egiten ziren, garestiak ziren eta. Garrantzia ematen zitzaion, eta jendeak betunak erabiltzen zituen eta garbitzeko produktuak, eta oinetakoak zaindu egiten ziren.

Eta gaur egun ezetz esan nahi duzu.

Gaur egunean ez. Ez dira zaintzen oinetakoak. Aldaketa handiak eman dira. Bezeroak etorri eta betuna ez dute ezagutzen, esaterako.

Baina nola izan zen zure hasiera. Ikasi egin beharko zenuen ofizioa.

Andoaindik etortzen nintzen eta ikasten aritzen nintzen, ikusiz asko. Eta ikasteko tresnarik onena gogoa da. Gogorik ez duenak ez du ikasiko, edo gogo txarrez ariko da. Eta gogo txarrez inor ikustea ez da gustagarria. Ni hasieran tindatzen hasi nintzen. Aurrena kolorea kendu, gero tinta eman, lehortzen utzi, bigarren esku bat eman, lehortzen utzi eta gero espraia ematen zitzaion, eta azkenean betunarekin bukatzen ziren. Horretan hasi nintzen. Eta gero zer egin behar zen, ba kola eman. Eta nola? Lixatu, kolaren aurreko kola bat eman, gero kola, prentsatu,... eta jada bi gauza ikasi nituen.



Pixkana-pixkana ikasten joan zinen.

Etortzen den guztiari baietz esan behar diozu, eta gero moldatu behar duzu konpontzen. Gaur egunean hori ez da horrela, eta galdetzen den lehen gauza zenbat kostatzen den da. Lehen berriz etortzen zen guztia konpontzen zen.

Zein motatako konponketak egiten ziren?

Gehienak zola gastatutako oinetakoak iristen ziren. Lehen gehienei gomazko zolak jartzen zitzaizkien, zatika. Orain, pisu osoak etortzen dira, eta zaharra kendu eta berria jartzen zaio osorik. Askoz hobea da eta bezeroari gehiago iraungo dio dena kendu eta berria jarrita; oinetakoa berria geratzen da. Oinetakoak aldatu diren bezala lana ere aldatu egin da. Hogei urte badira aldatu zela, eta jada zapata merkeak, Zapatados denda bazen, eta haiek hastearekin gauza aldatzen hasi zen. Gero eta kate gehiago sortu ziren, eta kanpotik hasi ziren etortzen oinetakoak.

Lehen gehiago berrerabiltzen ziren oinetakoak?

Bai, eta oinetako guzti-guztiak larruzkoak ziren. Konpondu egiten ziren eta oinetakoak oso garestiak ziren. Iraupen luzea izaten zuten. Hamar urte egitera iristen ziren eta orain denboraldia egiteko komeriak izaten dira. Asko kartoizkoak dira barrutik, barne zola ere kartoizkoa dute, euriarekin desegin egiten dira eta konponketa ere txarra izaten da. Aldaketa handiak eman dira. Lehen dena zen larrua; barneko zola eta zola larruzkoak ziren, eta gero goma jartzen zitzaion, eta kanpoko estalkia ere larrua zen.

Larruak iraun egiten du?

Noski. Eta zaindu egiten ziren kremak-eta emanaz.

Betuna erosten zuen jendeak?

Krema bat koloregabea zegoen garbitzeko, eta gero bakoitzari bere kolorea ematen zitzaion. Kolore pila bat zeuden. Eta hemen baino gehiago Erresuma Batuan, hangoa izugarria zen. Bertako liburuak ditut eta produktu pila bat zituzten, baina hemen ez ziren saltzen. Zapata konpontzaileen foro bat zegoen, eta hilero bidaltzen zuten zein produktu ateratzen ziren-eta jakiteko. Hori bukatu zen, eta bakoitzak ahal dugun moduan egin dugu aurrera.

Oinetako bat konpontzeak zenbat denborako lana du?

Segun, eta normalean ez da banaka-banaka egiten. Aurrena preparatu egiten dira; lixatuta jarri. Gero guztiak erantsi egiten dira, eta behin guztiak erantsita, guztiak prentsatu. Atzetik guztiak errematatu egiten dira. Behin eskuila pasatzean, listo. Denbora gutxian ahalik eta pare gehiena biltzea komeni izaten da, katean lan egin ahal izateko.

Urteen joan-etorrian nabaritu duzu alderik?

Datak izaten dira. Lehen azaroa urteko hilabeterik onena izaten zen. Eta kontrara otsaila txarrena. Abuztua baino askoz ere txarragoa otsaila izaten zen. Orain dena nahastuta dago.

Oinetakoak puskatzean bota egiten dira, ezta?

Gazteek hori egiten dute. Gazte askok ez dakite oinetakoak konpondu daitezkeenik ere. Internetetik edo beste era batera erosten dituzte, eta Tolosan oinetakoak erosteko ere hiru denda geratzen dira. Lehen sei edo zortzi denda izango ziren, erraz.

Zure bezeroek adin bat dute, beraz.

Bai. Gure bezerorik onenak, lehen behintzat, adineko jendea zen. Horiek ziren lehengo pentsaera zutenak, horiek konpondu egiten dute nahiz arropa nahiz oinetakoa, beste mentalitate bat dute. Gazteak ez. Momentuko arropa erosten du, eta gero-gerokoak. Eta oinetakoekin berdin. Askotan 20 edo 30 euro ordaindutako oinetakoekin etortzen dira, eta nahiz eta konponketa egin, oinetako txarrari zaila da konponketa ona egitea. Oinetako onari berriz edozer gauza egin dakioke.

Lana duen lanbidea da, baina era berean oso gutxi zarete.

Bai, baina oinetako konponketatik bakarrik bizitzeko jada hilabete batzuetan estutasunarekin. Hilabete batzuetan oinetakoekin bakarrik atera dezakezu, baina beste batzuetan ez, eta orduan, beste gauza batzuk jarri behar izan ditut osagarri moduan, giltzak esaterako.

Oinetakoez gain zer konpontzen duzu.

Hemen nahi izanez gero nahi den guztia konpontzen da. Gertatzen dena da, gerriko bat ekartzen badizute, eta gerriko ona bada hor nonbait, baina bost euro balio dituen gerriko bat ekartzen badizute, niri, dagoeneko hebilla kostatzen zait hiru euro. Bost euro kostako zaiola esatean aurpegia aldatzen zaio bezeroari, eta gainera, plastikoa denez hilabete gutxi barru beste leku batetik puskatuko zaio. Aldiz, gerriko ona bada, larruzkoa, nazkatu arte erabiliko du eta merezi du konpontzeak. Onak diren gauza guztiek merezi dute konpontzea. Maletak, poltsak, kremailera aldatzeak,... dena jarri daiteke, baina berdinera noa: poltsak 10 euro balio dituela eta kremailera aldatzea hamabost euro bada, ez dio konpentsatzen.

Baina zure lana ere ordaindu behar da...

Ehun euroko poltsa bati edo hamar euroko bati kremailera jartzea nik berdin kobratuko diot. Gauza merkeak erabiltzen dira gehien bat, eta gauza merkearekin lana murriztu egiten da.

Bezeroak konponketak azkar egitea nahiko du?

Bai, beti izan da horrela. Euria hasten duenean denak etortzen dira, eta udan etxean eduki dituzte. Udan ekarri beharko lirateke negurako prest izateko, baina ez da horrela.

Bost pertsona lanean aritzetik bakarra izatera pasa zara.

Osaba eta biok geratu ginen, eta salatzaile moduan lehengusu bat etortzen zen hasieran. Bakoitzak bere lana egiten genuen. Osabak erretiroa hartu zuen, eta toki hura txikia zenez, hona aldatu nintzen eta kalea bera ere hobea da.

Atzean eta aurrean dena zuk egin behar duzu.



Bai. Ordu askoko lana da, eta oso sakrifikatua da. Nik egutegia egina daukat; kolore beltza duten egun guztietan lanera etorri beharra daukat. Donostiako Aste Nagusiaren bueltan opor batzuk egiten ditut, eta ez dut inoiz bajarik hartu. Koronabirusaren kontuarekin itxi behar izan nuela, besterik ez.

Lanbide honetan hasi nahiko lukeen batek zer egin beharko luke?

Aurrena kontzientziatu lan sakrifikatua dela. Gaur egun honelako toki bat muntatu nahiko balu baten batek ezinezkoa litzateke. Honetan lan egin nahi duen batek muntatuta dagoen bat bilatu beharko luke. Taberna batek behar duen adinako intsonorizazioa du makineriagatik. Obra handia da. Esaterako, Beasainen batek erretiroa hartu du eta baten bat bilatu nahi du jarraipena emateko, eta ez du inor aurkitzen, nahiz eta bera konprometitzen den ofizioa erakustera.

 

«Hamar urte egitera iristen ziren lehen, eta orain denboraldia egiteko komeriak izaten dira. Asko kartoizkoak dira barrutik»



Erreleboan pentsatzen jarrita zaude?

Ni oraindik ez. 58 urte ditut eta urruti ikusten dut.

Baduzu beldurrik ez topatzeko?

Ez. Beti egongo da bakarren bat. Hori bai, oinetakoak konpontzearekin bakarrik ezinezkoa da. Aukerak zabaldu behar dituzu dendan errentagarri izateko. Gero toki ona izatea gakoa da, eta herriak 10.000 bat biztanle izatea ere bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!