Larunbateroko azokagileez gain, beste 70 postu izango dira Gabonetako Azoka Berezian

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 13a, 07:59

Abenduaren 17an ospatuko da azoka, Tolosako lau gunetan banatuta: Trianguloan, Alondegian, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan.

Gabonen atarian ospatzen da, Tolosan, urteko azken azoka berezia. Askorentzat egutegian ondo markatutako hitzordua da Gabonetako Azoka Berezia, klasiko bat. Izan ere, Eguberrietako otorduetarako erosketak egiteko aukera ederra da, kalitate oneneko jaki ugari topatu daitezkeelako. Aurten, abenduaren 17an ospatuko da, larunbatez.

Osagai asko dituen azoka eguna izaten da: herrian zehar elikagaien eta artisauen dozenaka postu izateaz gain, abereak ikusteko edota pintxoak dastatzeko aukera izaten da. Eta hori gutxi balitz, kaleetan giro paregabea sortzen da, musikaz lagunduta. 

Aurten, larunbateroko azokako ekoizleez gain, beste 70 postu izango dira egun horretan, azokako giroa herriko beste lau gunetara zabalduz. Hortaz, Zerkausian, Berdura Plazan eta Euskal Herria Plazan ez ezik, Trianguloan, Alondegia Plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan ere izango dira postuak.

Trianguloan eta Alondegian, esaterako, elikagaiak izango dira nagusi, hogeita hamarna postu bilduz: gozoak, ahatekiak eta hestebeteak, lehenengoan, eta gozoak eta kontserbak, bigarrenean. Animaliak Plaza Zaharrean egongo dira ikusgai. San Frantzisko pasealekuan, aldiz, artisauen postuak izango dira: egur tailak, bitxiak, pilotak eta egurrezko tresnak, besteak beste.

Egun horretan bertan, gainera, azken urteotako ohiturari jarraituz, konpota banatuko zaie urte osoan zehar azokako hiru gune nagusietan egon ohi diren azokagileei. Urteko azken bi azokak Eguberri bezperan (abenduaren 24an) eta urte zahar egunean (abenduaren 31n) ospatuko dira, larunbatez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!