Euskal Herriko zumardiei buruzko erakusketa inauguratuko dute, gaur, Tolosan

Ataria 2022ko abenduaren 12a

'Ilustrazioko pasealeku eta zumardiak Euskal Herrian' izeneko erakusketa abenduaren 23ra bitarte egongo da ikusgai Idiakez Jauregian (Kasino elkartea). Gaur irekiera ekitaldia egingo dute 19:00etan, hitzaldi batekin.

Tolosako Udalak Zumarditxikian abian jarri nahi dituen zaharberritze lanekin kritiko azaldu diren Tolosako arkitekto talde batek ireki nahi duen hausnarketa prozesuaren barruan kokatzen da erakusketa.

Proiektuaren aurkako manifestua sinatu duten 34 arkitektoek udalerriko espazio enblematiko horrek duen balio formal, funtzional, historiko, kultural eta soziala defendatzen dute. Mobilizatutako profesionalak «kezkatuta» agertu dira esku-hartzearekin; izan ere, beraien iritziz, Zumarditxikiak, XVIII. mendearen amaierako zumardiak, «betiko galduko du bere funtsa».

Udalak planteatutako baldintzekin Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresak egindako proposamena ondo baloratzen duten arren, sinatzaileak zumardia mantentzearen alde agertu dira: «Kokapen ezin hobeko plaza laua da, 150 metro luze eta 20 metro zabal dituena. Areto bat izan zen eta izan liteke berriro, harremanetarako leku bat, azken urteotan bertan izan diren ekimenetan ikusi izan den bezala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!