De la Fuente-Lizeaga, Canabal-Garmendia eta Amiano-Peñalver geratu dira txapeldun

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 11a, 15:24

Tolosako Beotibar frontoian jokatu da Migel Soroaren oroimenezko IX. Ogi Berri Txapelketaren finala. Eskualdeko finalista bakarrak, Julen Alberdik, ezin izan du txapelik irabazi.

Urrian abiatu zen Migel Soroaren oroimenezko IX. Ogi Berri Txapelketa amaierara iritsi da. Gaur jokatu dira finalak Beotibar frontoian. Pandemiaren etenaldiaren ondoren indartsu itzuli da txapelketa, eta hiru partida ikusgarrirekin borobildu da aurtengo edizioa.

Hauek izan dira emaitzak mailaz maila:

  • Lehenengo maila:
    • Fernandez-Oliden (San Cosme-Lapke)  10
    • De la Fuente-Lizeaga (Irurzun-Mundarro) 22
      • Garaipenaren ondoren "oso pozik" agertu da Aingeru de la Fuente eugiarra. Lan "txukuna" egin dutela azpimarratu du pilotari . Ekain Lizeaga astigarragatarrak esan du De la Fuentek min handia egin duela sakearekin. Markagailuan tarte handia lortu dute hasieratik eta Lizeagaren esanetan horrek "lasaiago" ibiltzea ahalbidetu die. Txapelketa "garrantzitsutzat" jo du bikoteak Ogi Berrikoa eta aurrera jarraitzeko motibatuta daudela nabarmendu du Lizeagak.
  • Elite maila:
    • Canabal-Garmendia (Oberena-Lapke) 22
    • Julen Alberdi-Aldave (Aurrera Tolosa-Oberena) 12
      • Beñat Garmendia besaindarra pozik agertu da final garrantzitsua irabazi ondoren. "Partida hotza izan da hasiera, urduri hasi gara eta erregalo asko egin ditugu". Canabalekin batera osatu du bikotea Garmendia eta aipatu du partidaren bigarren zatian pauso bat aurrera eman eta gehiago atakatzen hasi dira abantaila lortuz. Oian Canabal igantziarrarekin osatu du bikotea Garmendiak eta elkar "oso ondo" ulertu dutela aipatu du: "Partida ofizialetan laugarren aldia elkarrekin jokatzen genuela, baina mundiala prestatzeko entrenamenduetan elkarrekin aritu gara eta harreman ona dugu. Ikaragarri lagundu dit".
  • Etorkizunekoen maila:
    • Amiano-Peñalver (Aurrera Tolosa-Paz Ziganda) 22
    • Apezetxea-Landa (Erreka-Oiarpe) 16
      • Partidan sartzea kosta zaiela esan du Jonan Peñalverrek eta urduri hasi dutela jokoa. Bigarren zatian elkar hobeto ulertu du bikoteak eta Unai Amiano irundarrak azpimarratu du "oparirik ez egitean" egon dela garaipenaren gakoa. Peñalverrek bikote aurkariaren jokoan jarri du arreta: "Apezetxeak erritmo handia jartzen dio partidari eta beti sartzen da 3tik eta 4tik jokoa nahastera. Azkenean ordea aurrea hartzea lortu dugu".

Finalean, maila bakoitzean ondoen aritu diren pilotariak  saritu dituzte garaikur batekin, maila bakoitzean. De la Fuentek, Canabalek eta Amianok jaso dute saria.

Ogi Berri txapelketaren antolatzaileek gogoan izan dute Iñaki Lopetegi zena eta urteetan egin zuen lana eskertu nahi izan dute. Bere semeak aitaren omenezko oparia eta elastikoa jaso ditu sari banaketa ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!