Tolosak Eguberrietako ohiko kabalgatak berreskuratuko ditu

Ataria 2022ko abe. 9a, 13:56

Iaz Gure Zirkuan hartutako irudia.

Pandemia dela eta bertan behera utzitako hitzorduak izango dira aurten, abenduaren 24ko eta urtarrilaren 5eko ohiko kabalgatak, alegia. Era berean, hilaren 24an Olentzero eta Mari Domingi egongo dira Gure Zirkuan 11:00etatik 14:00tara, eta urtarrilaren 5ean Errege Magoak. Sarrera librea izango da eta ez da gonbidapenik beharko bertara joateko. 

Tolosak abenduaren 24ko eta urtarrilaren 5eko ohiko kabalgatak berreskuratuko ditu eta, horrenbestez, tolosarrek, eta bereziki, etxeko txikienek, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak herriko kaleetan ohiko eran ikusteko aukera izango dute. Izan ere, iaz, osasun egoera zela eta, ez zen kabalgatarik egin eta horren ordez, ibilbide alternatiboa egin zen. 


Kabalgatak ohiko izaerarekin
Horiek horrela, hilaren 24an Olentzero eta Mari Domingi aterako dira 17:30ean Santa Klaratik, kalez kale ibiltzeko.  Errege Magoak, aldiz, urtarrilaren 5ean helduko dira eta kabalgata 18:30ean irtengo da, leku beretik. Bi kasuetan, ibilbidea ondorengoa izango da: Santa Klara, Naparzubia, Solana kalea, Atadi kalea- Korreo kalea (beherantz) – Gorriti plaza – Rondilla kalea (gorantz) – San Frantzisko pasealekua – Oria kalea. 


Goizez, Gure Zirkuan
Kabalgataz haratago, aurten ere, bai Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak Gure Zirkuan izango dira goizez, bertara joan nahi duten haurrak agurtzeko prest. Aurtengoan, baina, ez da beharrezkoa izango gonbidapenak aurrez hartzea eta sarrera librea izango da. Bisitak 11:00etatik 14:00etara egin ahal izango dira. 

Ohiko kabalgatez gain, Tolosako Udalak beste hainbat ekintza antolatu ditu txikienei zuzenduta, hala nola, haur parkea, Olentzaroren Basoko bisitaldiak, marrazki lehiaketa edota jaiotza lehiaketa. Azken honen kasuan, izen ematea zabalik egongo da hilaren 12tik 30era bitartean eta jaiotzak Gure Zirkura eraman beharko dira urtarrilaren 4an. Urtarrilaren 5ean bertan egongo dira ikusgai eta sari banaketa Errege Magoek egingo dute egunean bertan, Gure Zirkuan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!