Elkarrizketa

«Denboraldi bukaeran dena baloratu eta ikusiko dut jarraitzen dudan»

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 8a, 11:59

Argazkia: BASQUE TEAM

Otsail bukaeran hasiko den Munduko Txapelketa da denboraldiko helburu nagusia Imanol Rojo tolosarrarentzat. Emaitzetan beste koska bat igo nahi du, lehen hamabost postuetan sartuz.

Denboraldi berria hasi du Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzaileak. Dagoeneko bi Munduko Kopatan parte hartu du, bakoitzean bi probatan parte hartuz.

Finlandiako Rukako Munduko Kopan egin zenituen lehen bi probak. Nola joan zen?

Lasterketetan parte hartzen dudanetik lehenengo urtea da zuzenean Munduko Koparekin hasten naizela. Lehenengo probak izateko lortutakoa ez dago gaizki. Lehen proban aurreneko 50 postuen barruan sartu nintzen, 49. eginez 10 kilometro klasiko eran. Ondo sentitu nintzen, baina materialarekin arazoak izan nituen, eta ezin izan nuen postua hobetu. Lehen postutik nahiko gertu geratu nintzen. Bigarrengoan, 20 kilometro eskatin eran, 40. postuan bukatu ahal izan nuen. Beraz, pozik nago eta lehen probak izateko balantzea positiboa da.

Asteburu honetan, Lillehammerko (Norvegia) Munduko Kopan, eskatinean 67. postuan eta klasikoan 56. postuan amaitu zenuen.

Egia esan aste hori oso zaila izan zen, aurreko Munduko Kopatik nekea nabaritu nuelako. Katarro pixka batekin egon nintzen eta konplikatu samarra izan zen. Fisikoki ez nengoen oso ondo eta emaitzetan ikusi zen. Igandeko proban multzoan izan nintzen hirugarren itzulia arte eta bukaera aldera asko galdu nuen. Ez zen izan amestu nuen asteburua, baina gutxika ari gara kilometroak sartzen lasterketetan eta ea hobetzen joaten garen Munduko Txapelketari begira.

Sentsazioei begiratuz, nola hasi duzu denboraldia?

Rukan ondo hasi nintzen eta materialarekin arazoak izan ez banitu, ia lehen 30 postuetan sartuko nintzateke. Hori oso positiboa da niretzako. Olinpiar Jokoak eta gero atseden pixka bat gehiago hartu dut. Hilabete bat gehiago egon naiz geldirik beste gauza batzuk egiten, eta gero hori sasoian nabaritzen da. Horregatik ezustekoa izan da hasieran hain ondo egotea.

Otsail bukaeran eta martxo hasieran, Munduko Txapelketa izango da Planican (Eslovenia). Horri begira antolatuko duzu denboraldia, ezta?

Lehen esan moduan, pixka bat beranduago hasi nintzen, baina nire ideia Planican sasoi betean egotea da, denboraldiko goia bertan jotzea. Astebururo daude Munduko Kopak, hainbat lasterketa, eta gero Tour de Ski ere hor dago. Aurten sei etapa izango dira, eta hori ere prestakuntza izango da Munduko Txapelketari begira.

Beraz, zehaztuta dituzu zer probetan parte hartuko duzun?

Bai. Orain etxera noa hamar bat egun, eta gero beste Munduko Kopa bat dugu Davosen (Suitza), eta han geratuko gara Tour de Skia prestatzen Eguberriak baino lehen. Gero Tour de Ski egingo dut urte hasieran. Sei etapa izango dira zortzi egunetan, eta hor ikusiko da zer-nola iritsiko garen Munduko Txapelketara. Erakutsiko digu ere ondo ari garen prestatzen, eta zerbait aldatu behar dugun entrenamenduetan.

Munduko Txapelketara joateko sailkapena lortuta duzu?

Federazioak jartzen ditu irizpide batzuk, eta normalean azken bi urteetan lortutako emaitzen arabera izaten dira. Oraindik ez dituzte irizpideak atera, baina ideia da sailkatu beharrik izan gabe, han egoteko aukera izatea.

Kontuan hartuta aurreko bi urteetan lortutako emaitzak, parte hartzeko aukera izango duzu, noski.

Aurreko denboraldian Olinpiar Jokoetan izandako emaitzak zein Munduko Kopan izandakoak kontuan hartuta, nire ustez sailkatzeko ez dut arazorik izango, baina hori ikusi egin beharko dugu. Lasterketetan parte hartzen jarraituko dugu eta emaitza onenak lortzen saiatuko gara, badaezpada.

Zein da zure helburua Munduko Txapelketarako?

2021ean lortu nuen emaitza hobetzea. Orduan 18. postua lortu nuen, eta orain helburua izango litzateke lehen hamabost postuetan sartzea. Horiek hitz handiak dira, baina horrek asko motibatzen nau, horretarako ari gara entrenatzen, eta ea Munduko Txapelketara bete-betean iristen garen.

Zer probetan parte hartuko zenuke?

Zehaztuta dauden hiru lasterketa izaten dira: 30 kilometro eskiatloia, bi modalitateak uztartzen dituena; 15 kilometrokoa eskatin eran, eta niri gehien gustatzen zaidan 50 kilometrotakoa, klasiko eran.

Proba luzeenean erosoago sentitzen zara, beraz.

Bai, beti erosoago sentitu izan naiz proba horretan. Bi asteburu hauetan, 20 kilometroko lasterketetan, hobeto sentitu naiz 15 kilometrotakoan edo 10 kilometrotakoetan baino. Ez naiz oso esplosiboa, eta egia esan ondo sentitzen naiz probak luzeagoak direnean.

Pekingo Olinpiar Jokoen ondoren, zure postu onenak lortuta, nola ekiten zaio denboraldi berri bati?

Normalean apirilean hartzen dut atsedena, eta aurten luzatu egin nuen denboraldia pixka bat, zerbait gehiago eskiatuz eta korrika ere proba batzuetan parte hartuz. Gero, ekainean hasi nintzen entrenatzen, baina beste erritmo batean. Lau urte bete-betean entrenatu eta gero, hori behar nuen, baita buru aldetik ere. Horrela egin nuen eta ondo etorri zait. Gutxika eta estresatu gabe ekin diot denboraldi honi.

Epe ertainera begira zer duzu buruan? Hurrengo Olinpiar Jokoetan parte hartu nahiko zenuke?

Ikusiko da. Aurten urte erabakigarria izango da niretzako. Ikusiko dugu zer aukera dudan hobetzeko, bai Munduko Kopan eta baita Munduko Txapelketan ere. Ikusiko dut zer gogo ditudan, eta zein den motibazioa. Askotan esan dut: urte asko dira, kirol oso gogorra da, eta etxetik kanpo denbora asko pasatzen da eta oso gogorra egiten da. Baina ikusten badut hobetzen jarraitzen dudala, ezin dut horrela utzi. Beraz, ikusiko dugu zer emaitza lortzen ditudan eta baita zer laguntza ditudan ere. Dena baloratuko dut, eta ikusiko dut hurrengo Olinpiar Jokoetaraino jarraitzen dudan edo denboraldia amaituta uzten dudan. 15 urte nituenetik Espainiako selekzioan izan naiz, beti bidaiatzen, eta denbora asko pasa dut etxetik kanpo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!