Urteari amaiera, kirola eginez eta elkartasunean

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 7a, 19:59
Patricia Urretabizkaia, Mikel Santakiteria, Joxe Mari Villanueva, Itxaro Iturzaeta eta BegoƱa Olamusu, aurkezpenean.

XXIV. Elkartasun Krosa egingo da abenduaren 31n, Samaniego eta Orixe herri ikastetxeetako kirol batzordeek antolatuta; lortutako dirua Kokuyo elkarteak bideratuko du.

Beste urte batez, kirolak eta elkartasunak bat egingo dute urteko azken egunean, abenduaren 31n, XXIV. Elkartasun Krosarekin. Samaniego eta Orixe herri ikastetxeetako kirol batzordeek antolatu dute krosa, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziak azaldu duenez, «Elkartasun Krosa ez da lasterketa hutsa, baizik eta balio sendo batzuei loturik dagoen krosa. Elkartasunaren krosa da, solidaritatearen krosa. Hitz horiek dira kirol proba hau berezi eta esanguratsua egiten dituenak». Urtea ixteko «ekintza paregabea» dela gaineratu du, «lagunartean kirola eginez, eta aldi berean gure laguntza, indarra eta babesa behar gehien dutenei eskainiz».

Iaz azken unean bertan behera geratu zen XXIV. edizioa. «Kontutan izanik elkartasun kros bat dela eta berrerabiltzeari ematen diogun garrantzia, iazko kartelak eta kamisetak aprobetxatuko ditugu», esan du Itxaro Iturzaeta Samaniego ikastetxeko zuzendariak. «Beraz, edizioaren zenbakia zuzena izango da, baina kamisetetan azaltzen den urtea 2021 izango da».

Krosaren hasiera 15:30ean izango da, gaztetxoenen parte hartzearekin. Helduentzako 1.000 dortsal jarriko dira salgai Shanti Kirolak dendan bihartik aurrera, eta horietatik ehun kadeteentzat gordeko dira. Izen ematea helduentzat zortzi eurokoa izango da, eta kadeteentzat bost eurokoa. Egun berean dortsala hartzen duenarentzat, hamabi euro balioko ditu eta Zerkausian eskuratu ahal izango dira. Ibilbidea 2019ko bera izango da, Plaza Zaharretik abiatuz eta Solana kalean amaituz.

Sari berezi bat ematen dute Elkartasun Krosean, eta aurtengoan Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ikasle ohia den Lizeta Okomori emango diote. Azken urteetan emaitza bikainak lortzen ari da Tolosa CF-ko atleta, batez ere pisu jaurtiketan. «Bere lanerako grina eta emaitzak hobetzeko ahalegina goraipatu nahi du sariak», esan du Mikel Santakiteria, Orixe Institutuko zuzendaria. Lasterketako sariei dagokionez, lehen postuan amaitzen dutenek ohiko oroigarria izango dute, eta bigarren eta hirugarren posturako oroigarria Orixe Institutuko ikasleek diseinatu eta Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko ikasleek gauzatu dute.

Patricia Urretabizkaia bi ikastetxeetako kirol koordinatzaileak aurtengo berrikuntzaren berri eman du: «Parte hartzaile guztiei, txikienatik hasita, domina emango zaie. Urtero kamiseta lehen hogei postuetan sartzen zirenei ematen zitzaien, eta orain zozketa bidez egingo da. Helmugara iritsi orduko domina eta papertxo bat emango zaie, eta paper horretan azalduko da saria egokitu ote zaien». Bestalde, ohitura izaten dute zenbait parte hartzailek mozorrotuta ateratzeko, eta aurten ere mozorro onenari saria emango diote.

ELIKADURA BURUJABETZA

Elkartasun Krosean lortzen den dirua Kokuyo elkarteari bideratuko diote. «Urteak pasa dira Samaniego ikastetxeak Kolonbiako Guillermo Leon Valencia eskolarekin senidetze hitzarmena adostu eta sinatu zuenetik. Kokuyo elkartea hor egon da bitartekari lanak egiten», zehaztu du elkarteko kidea den Begoña Olamusuk. «Azken urte hauetan elkarlan proiektuak irakurketaren bultzada izan du helburua, Bibliomandoa proiektuarekin. Pandemia dela eta orain pare bat urte proiektua moldatu zen».

Irakurketaz gain, une honetan ahalegina elikadura burujabetzan eta familien sostenguan jarri dutela dio Olamusuk. «Ekoizpena babesteko etxe ondoko baratzak indartu dituzte. Azken urteetan, galdua zuten kultura berreskuratu nahi dute eta hazien gordailua sortu. Gehienbat emakumeek hartu dute proiektu honen erantzukizuna, eta 50 familiek jasoko dute proiektu horren babesa. Elkartasun Krosetik lortzen den dirua proiektu horri laguntzeko izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!