Etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzen deialdia martxan da

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 7a, 07:59

2020 eta 2021 urteetan egindako obrak diruz lagundu daitezkeen aztertzen aritu da udal gobernua, «ezinezkoa dela» esan zaiela adierazi du alderdi jeltzaleak.

Etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzak eskatzeko deialdia martxan jarri du Tolosako Udalak. 395.000 euro bideratuko dituzte laguntza horietara. Hala adierazi du udal gobernuak azken osoko bilkuran, eta horrekin batera diru laguntza horiek emateko udal ordenantzan egindako akats aritmetikoen zuzenketen berri eman da.  

Bere aldetik, EH Bilduk azpimarratu du deialdiak hainbat baldintza bete behar zituela, eta «baldintza minimo» horiek ez direla jasotzen: «Erretengibeletik eman gabe geratu ziren diru laguntzak lehenbailehen ebatzi eta banatzea, Erretengibel egon ez denetik gaurdaino diru laguntzarik eskatu ezin izan duten herritarrak kontuan hartzea, eta guztia egikaritzeko aurrekontu nahikoa egotea bermatzea, inor kanpoan geratu ez dadin».  

Izan ere, Tolosako Udalak Alde Zaharra birgaitzeko sortua zuen Erretengibel udal sozietatea, eta 2020ko abenduan desegin zuen. Aurten, urrian onartu zen behin betikoz Etxebizitzak eta Bizitegi Eraikinak birgaitzeko diru laguntzak emateko udal ordenantza. EH Bilduk salatu du ordenantza berria osatzeko prozesua «tamalgarria» izan dela: «Legealdi hasieratik jakina zen Erretengibel udal sozietatea desegingo zela, baina ez da ordenantzarik garatu orain arte, ezta behin behineko bat ere». 

EAJk gogorarazi du Erretengibelen ordenantzarik gabe ematen zirela laguntzak, eta horregatik, egin duten lehen gauza ordenantza berri bat garatzea izan dela, «segurtasun juridiko bat emate aldera». 

Diru laguntzen deialdirako 395.000 euro bideratu dituzte, eta Olatz Peon alkateak esan du hurrengo urtean kopuru «handiagoa» izateko aukera dagoela. Deialdiari dagokionez, atzeraeraginezkoa aztertzen aritu direla esan du alkateak, 2020 eta 2021 urtean egindako obrak diruz laguntzeko, «baina  ezinezkoa dela esan zaigu». Eragozpen legalik badagoen aztertzeko txosten juridikoa eskatu dute. 

Peonek azpimarratu du Erretengibeletik ebatzi gabeko diru laguntzen kasuan, udala titularrekin harremanetan jartzen ari dela banaka, «begirunez ari gara, inor kanpoan ez geratzeko». EH Bilduk eskatu du eskatzaileei erraztasunak emateko eta beharrezkoa bada dokumentazioa aurkezteko epeak luzatzeko. Izan ere, oposizioko alderdiak esan duenez, bizilagunek Erretengibeli duela bizpahiru urte egindako eskariaren dokumentazioa aurkeztu behar dute berriz ere, deialdia onartu zenetik 20 egun naturaletara. «Helburua diru laguntzak behar dituenari iristea izan behar du», esan dute.

Ostalaritza ordenantza

Jarduera berriak sustatzeko asmoz, ostalaritza ordenantzari behin betiko onespena eman zaio azken osoko bilkuran. Ostalaritza jarduerak baimentzea eta arautzea du helburu ordenantzak, eta behar eta eskakizun berrietara egokitu dute, «ostalariekin zein herritarrekin elkarlanean». Hori horrela, bizilagunek aurkeztutako helegiteak aztertu dituzte; adibidez, terrazen kasuan kanpoan egiten den kontsumizioa arautzea, leiho zein kanpoko barrei dagokienez; eta beste zenbait helegite Zarata eta Bibrazioaren ordenantzan aztertuko eta arautuko direla esan dute. 

Besteak beste, aho batez onartu da 2022. urterako udal langileen ordainsaria %1,5 igotzea, eta baita ere 2022ko diru laguntzen eranskina aldatzea Babarrun Kofradiari 3.500 euroko laguntza emateko, Babarrun Festan Buruhandi eta Erraldoien konpartsak eskainitako emanaldia ordaindu dezan.

Alkatetza dekretu bidez egindako bi kreditu aldaketen berri ere eman dute osoko bilkuran. Bata, 40.600 eurokoa, azoka berezien gastuetarako, eta, bestea, 21.000 eurokoa, Babarrun Kofradiari laguntza emateko, bide publikoan animaliak biltzeko gastuei aurre egiteko eta landa bideak garbitzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!