Berriro jarri dute martxan Hotzaren Programa Tolosan

Ataria 2022ko abe. 6a, 07:59

Programa honen bitartez, muturreko baldintza klimatologikoak iragarritako gauetan ostatua emango zaie Tolosan dauden etxerik gabeko pertsonei.

Martxan da, beste urte batez, Hotzaren Programa Tolosan, herrian dauden etxerik gabeko pertsonak baldintza klimatologiko gogorretatik babesteko helburuz ostatua eman eta gaua igarotzeko udalak abiarazitako zerbitzua, hain zuzen.

Laguntza hau Oria Hotelean eskainiko du udalak, eta gehienez gau bateko egonaldia izango da, izan ere, Tolosan dauden pasadizozko pertsonei zuzendutako laguntza da. Dena den, egoera klimatologiko bera mantentzen bada, gau gehiagotan ere eskaini ahal izango da zerbitzua. Gaua babespean pasatzeko aukera eskaintzea eta oinarrizko elikagai beharrak asetzeko otorduak eskaintzea da helburua, bereziki neguko hotzen aurrean. Horri lotuta, aurten, berrikuntza gisa, gosariaz gain, gauean afaltzeko ogitarteko bero bat ere eskainiko zaie.

Esan bezala, Hotzaren Programa etxerik gabeko pertsonei zuzenduta dago, baldintza klimatologiko gogorrak iragartzen diren unean Tolosan daudenen horientzat, gaua pasatzeko etxerik edo tokirik ez badute. Tolosan dutenek ezin izango dute ostaturik hartu programa honen bidez, horiekin bestelako esku-hartze prozesuak hobesten baitira. Zehazki, premiazko prozedura bidezko programa ezartzen da, udalerrian errotuta ez dauden pertsonei premiazko babesa emateko. Edozein kasutan, herritarrek horrelako kasuren bat ikusi edo atzemanez gero, udaltzaingora dei dezakete horren berri emateko.

Baldintza hauek bete behar dira ostatua emateko: gaueko tenperatura 5 gradu edo baxuagoa izango dela aurreikusita egotea edota Euskalmetek abisu horia argitaratzea, eta Abegik eskaintzen dituen plaza guztiak beteta egotea.

Zerbitzua Tolosako Udaltzaingoak kudeatuko du, beraz, baldintzak betetzen dituzten eta zerbitzua erabili nahi duten pertsonek Udaltzaingora hurbildu beharko dute, ostaturako sarrera 22:00ak baino lehen egin behar baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!