Tolosako EAJk proiektu estrategikoak sustatzen jarraituko duela adierazi du

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 5a, 17:59

Udalerriaren garapen jasangarria bultzatu eta bermatzeko aurrera egitearen alde agertu da alderdi jeltzalea. «Gaur egun ezagutzen dugun Tolosa EAJk iraganean egindako apustuen ondorio da», esan dute.

Tolosako EAJk adierazi du herriaren garapen jasangarriaren aurrera egitearen aldeko apustua egin duela, eta nabarmendu du Tolosako Udalak tolosarren ongizatea hobetzen eta Tolosak aurrera egiten jarraitzeko erabakiak hartu behar dituela. Era berean, gogorarazi du gaur egungo Tolosa, neurri handi batean, urte luzez gobernuan alderdiak bultzatutako proiektuen eta egindako apustu estrategiko eta zuzenen emaitza dela. «Erabakiak hartu behar dira udalerri batek aurrera egin dezan eta urte luzeetan zehar Tolosari bizia eman dioten proiektuen aldeko apustua egin dugu, herriaren garapena bultzatu eta tolosarren bizi kalitatea hobetuz, tolosar bakar bat ere atzean utzi gabe», azaldu du alderdiak.

Bizi-kalitatea hobetzea 
EAJk, urteetan zehar, tolosarren bizi-kalitatea hobetu duten proiektuen aldeko apustua egin duela esan dute, horretarako, herriari zerbitzu hobeak eskainiz. «Hala nola, Leidorren berritzea eta modernizazioa, Oria ibaiaren pasabidea eraikitzea Iurre parean, komunikazioa hobetzeko, haurtzaindegi berria Alde Zaharrean, adinekoentzako egoitza Alondegian, Usabal kiroldegia eraikitzea eta Berazubi estadioa eraberritzea. Helburu horrekin berarekin, aisialdirako gune bat sortu zen Lapurdi plazan, zezen plaza eraberritu da irisgarritasuna bermatzeko, Larramendi auzoa garatu zen, bizilagun askori egoitza emanez, eta Zumardi Handia parkea eraberritzearen aldeko apustu sendoa egin zen. Gaur egun inork ezin du zalantzan jarri proiektu horiek guztiek ekarri duten onura», nabarmendu dute.

Tokiko ekonomiari bultzada
Tokiko ekonomiari bultzada emateko lan egin duela ere esan du Tolosako EAJk. «Azpimarratzekoak dira azoka bereziak, merkataritzari lotutako jarduerak edo ekintzailetzarako Emari Coworking gunea. Euskal Herria plazan hotel berri bat sortzearen aldeko apustua ere egin zen, turismoari bultzada emanez, eta Zerkausia berritu zen merkatuari bizitza berri bat emateko eta lehen sektoreari eta tokiko ekoizleei laguntzeko. Bere garaian, Tolosa mapan jarriko zuen museo bat sortzea defendatu genuen, eta Topic oso egokia izan da. Txotxongiloen arterako zentro integral bakarra da Europa osoan. Eta zer esan Apatta industrialdearen lehen fasearen garapenari buruz, gaur egun gure industria-sarearen zati garrantzitsua baita», gogoratu dute jeltzaleek. «Era berean, aparkaleku ugari eraiki dira Tolosan ia 1.000 aparkaleku berrirekin: Larramendin (200), Belaten (200), Bidebietan (100) eta Alondegian (450). Hala ere, beharrezkoa da aparkalekuaren arloan lanean jarraitzea», gaineratu dute.

Halaber, udalerriko hainbat gune berritu dituztela esan dute, «atseginagoak eta irisgarriagoak» izan daitezen. «Pertsonak erdigunean jartzen dituen hiri-eredu bat sustatuz, oinezkoei protagonismo handiagoa eman diegu: Letxuga kalea, Solana kalea, Zumalakarregi kalea, Bidebieta auzoa berrurbanizatzea, Nafarroa etorbidea, Gudari kalea, Gernikako Arbola, Laskorain kalea, beste askoren artean». Jeltzaleek, halaber, presa puzgarria sortzeak ekarri duen «hobekuntza» azpimarratu dute. «Izan ere, urtegi hori bere garaiko bakarra da estatu osoan, eta uretako kirolak Orian garatzea eta ur-goraldi handien aurrean segurtasuna bermatzea ahalbidetzen du».

Zumarditxikia berreskuratzeko konpromisoa
Amaitzeko, nabarmendu dute Tolosako EAJk «proiektu estrategikoak sustatzen» jarraitu duela legegintzaldi honetan, «Tolosa hobe baten alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoarekin». Ildo horretan, azken urteotan, politika sozial eta ekonomikoak «lehenetsi» dituztela esan dute. «Gainera, pandemiak eta ondorengo krisiek markatutako legegintzaldi honek ez ditu gure lehentasunak aldatu. Ez dugu etsi etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen, hiri-ekonomiaren, herritarren arretaren, jasangarritasunaren, ingurumenaren eta trantsizio energetikoaren arloan aurreikusitako proiektu estrategikoak bultzatzeko ahaleginean».

Tolosako EAJk bere horretan eusten dio Zumarditxikia berreskuratzeko konpromisoari, Tolosako herritarren eskura jartzeko, gune hori berriro ere «erreferentziazkoa» izan dadin tolosar guztientzat, «balio berezia duen espazio horrek duela urte asko zuen izaera eta erabilera soziala berreskuratzeko». Gainera, hasieratik eskualdeak Tolosan titulartasun publikoko ospitale publiko bat izan dezan lan egin dutela esan dute, eta horri dagokionez «urrats sendoak» eman dituztela azken urteetan.

«EAJ ez da ezetzaren estrategian, paralisiaren estrategian arituko. Tolosak etorkizunari begira jarraitu behar du, aurrera egiten jarraitu behar du eta erronkei ikuspegi estrategikoarekin aurre egin behar die», adierazi dute. «Tolosak aurrera egiteko politikak behar ditu, tolosarren ongizatea zuzenean bultzatuko duten politikak, bizikidetza eta kohesio soziala sustatuko duten politikak eta gure komunitatea indartuko dutenak. Talde-lanean, lankidetzan eta adostasunean sinesten dugu, eta Tolosa indartsuagoa, lehiakorragoa, berdinzaleagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko lanean jarraituko dugu», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!