ELKARRIZKETA

«Jositako jantzietan azkena beti iruditzen zait egindako guztietan ederrena»

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 12a, 08:00
Maritxu Txapartegi Korreo kalean duen dendan. J.M.

Txikitatik izan du josteko afizioa eta azkeneko urteetan ofizio bihurtu du Maritxu Txapartegi Ormaetxeak (Tolosa, 1959). Korreo kaleko bere dendan, bezeroei kasu egiten dien bitartean erantzun die Tolosaldeko Ataria-ko galderei.

Jantzien konponketa du ogibide, baina azken urteetan diseinatzen dituen artzain-andre eta baserritar jantziek arrakasta handia dute.

Noiz eta nola hasi zinen josten?

Betidanik gustatu izan zait jostea, umetatik. Eskolan nenbilenean ere egiten nituen lantxo batzuk. 14 urterekin josi nituen nire lehenengo txilabak, denak eskuz. Han hasi nintzen etxekoentzat soinekoak eta bestelakoak egiten. Santa Maria kalean Elosegik zuen lantegian ere aritu nintzen, larruan egiten genituen txapelak. Akademia batean ikasi nuen hemen Tolosan eta Hernanin ere egin nuen beste ikastaro bat patroigintza ikasteko. Semeak eduki aurretik beste bi bazkiderekin batera denda bat jarri nuen Tolosan baina gero utzi egin nuen. Semeak koskortu bitartean etxean egiten nuen lan, batez ere inauterietarako enkarguak eta ezagunentzako jantziak josten nituen. Beranduago semeak kanpora ikastera joan behar zirela eta, haiei laguntzatxo bat eman nahian, berriro etxetik kanpora lanean hastea erabaki nuen.

Noiztik zaude Korreo kalean?

Lehenik Letxuga kalean jarri nuen denda. Izango dira 15 bat urte edo. Inauteri bezperetan ireki nuen. Gerora aldatu ginen hona, duela 10 bat urte gutxi gorabehera.

Inauteri garaian izaten duzu lanik gehien?

Asko gustatu izan zaizkit inauterietako lanak egitea. Txilabak bakarrik ez, aisialdi taldeentzako jantzi asko josi izan ditut, eta baita pailazo mozorroa ere, nire espezialitatea dena. Dendarekin hasi nintzenean, bururatu zitzaidan seme zaharrenari sei bat hilabete zituela, inauterietan jantzi genion pailazo mozorro hori erakusleihoan jartzea. Girotzeko jarri nuen, ikusgai, beste asmorik gabe, baina jendea mozorro hori eskatu eta eskatu hasi zitzaidan. Hurrengo urtean Madrildik oihalak ekarri eta egin nituen pailazo jantzi guztiak saldu nituen. Geroz eta gehiagora joan zen kontua, gero helduentzako pailazo jantziak egiten hasi nintzen eta gaurdaino jarraitzen dut. Oso ondo saltzen dira. Jantzi beroak dira inauterietan izaten ditugun girorako aproposak.

 

«Irudimena erabiltzen dut, oihal bat hemendik hartu, beste bat handik eta horrela osatzen ditut jantziak»



Azken orduan akordatzen al da jendea txilaba edo mozorroa erosteaz?

Gehienetan bai. Ni saiatzen naiz lehenagotik prest edukitzen, Eguberrietan egiteko opari polita izan daitekeelako txilaba bat. Aurten konturatzen naiz lehenago dabilela jendea galdezka. Hemen dendan ikusgai dauzkat txilabak eta jendeak eraman egiten ditu.

Artzain-andre eta baserritar jantziekin noiz hasi zinen?

Duela ez hainbeste. Aurretik lan nahikoa ez eta kontu honekin hasi nintzen gehiegi pentsatu gabe. Nire semeetako bat Madrilen bizi zen eta harengana bisitan joaten ginenean toki bat ezagutu genuen non telak saltzen zituzten. Izugarrizko tokia da. Nik dendan komertzialak ibiltzen ditut, eta esate baterako, txilabentzako oihalak haiei erosten dizkiet. Gutxieneko kopuru bat hartzea exijitzen dizute, ordea. Niri horrek ez dit balio artzain-andre eta baserritar jantzientzat. Hamar txilaba berdin izatea gauza bat da, baina ez zait gustatzen artzain-andre eta baserritar jantzi guztiak berdinak izatea. Madrilgo toki horretan kalitate handiko oihalak izaten dituzte eta nahi ditudan neurrikoak hartzen ditut. Horiekin osatzen ditut jantziak.

Zein bereizgarri dituzte zure jantziek?

Nik diseinatutakoak direla. Denda jarri aurretik ere hasia zen aldaketa artzain-andre eta baserritar jantzietan. Neskentzako zuri-beltz motadun hori, uste dut, garai batean lanerako erabiltzen zuten jantzia zela. Baina, pixkana hasita zeuden, jantzi dotoreagoak zabaltzen. Nik horiek prestatzen ditut. Irudimena erabiltzen dut, oihal bat hartu hemendik, beste bat handik eta horrela osatzen dut nire jantzia. Garai batean, elegante ibiltzeko horrela janzten zirela pentsatzen dut. Lehengo estiloa eta oraingoa nahasten ditut.

Nolakoak dira zuk egiten dituzun jantziak?

Emakumeentzat soinekoak, mantalak, jakak eta gerruntzeak egiten ditut. Gizonezkoentzat, batez ere txalekoak prestatzen ditut. Kolore arreak nahiago ditut, ez oso biziak. Beltzak, grisak, beixak izaten dira. Eta gero, jantziei brodatuak eransten dizkiet. Ez ditut nik egiten, enkargatu eta gero diseinuan txertatzen ditut.

Zein garaitan saltzen dituzu jantzi hauek gehien?

Orain Eguberrien atarian asko saltzen da. Azkeneko egunotan mugimendu asko egon da eta berriak egiten jardun behar izan dut zubian.

Zenbat denbora behar duzu jantzi hauetako bakoitza egiteko?

Lan handia eskatzen du jantzietako bakoitzak. Ni saiatzen naiz, bata bestearengandik ezberdinak izan daitezen. Hemen dendan nagoen bitartean, nekez bukatu dezakezu ezer, zutitu eta eseri ibiltzen bainaiz etengabe. Asteburuan, pare bat, hiru artzain-andre jantzi egin ditzaket. Mutilen kasuan txalekoak neurrira egiten ditut eta horrek ere lana eskatzen dit.



Bestelakoan enkargu asko jasotzen dituzu?

Ez naiz kontu horietan sartzen. Artzain-andre jantziak dendan dauzkat eta bezeroak aukeratu ondoren, neurrira egokitzen dizkiet. Baina ez ditut eroslearen araberako diseinuak egiten. Enkarguak hartzen pasako nuke eguna, josteko astirik gabe. Eromena litzateke eta ez nintzateke denetara iritsiko.

Osagai ugari ere badituzu dendan.

Bai. Neskentzako tokillak baditut, mototsekoak eta bestelakoak. Baina horiek ez ditut hemen egiten, eginda ekartzen ditut. Baita alkandorak ere, edota zapiak. Horrekin batera, txapel eskaera asko jasotzen ditugu, astean bat gutxienez bai, eta brodatzera eramaten ditut. Uste dut asmatzen dudala bezeroaren ideia txapelera eramaten.

Bizi osorako irauten dute artzain-andre eta baserritar jantziek?

Bai. Esango nuke bizi osorako irauten dutela. Oihal onak dira eta ez dira hondatzen. Betirako jantziak izateko, gainera, ez dira garesti ateratzen. Artzain-andre jantziak, ehun eurotik behera dauzkat denak.

Zein jende etortzen zaizu artzain-andre edo baserritar jantzien bila?

Adin guztietako jendea eta toki askotatik etortzen zait, egia esan. Aurreko batean Astigarragako mutil bat etorri zitzaidan, Donostiako, Iruñeko, Bilboko bezeroak dauzkat. Harrituta nago oihartzunarekin. Ahoz aho zabaltzen da kontua eta nahikoa daukat horrekin, ez baitut sare sozialetan nire lanak zabaltzen ibiltzeko astirik.

Gizonak geroz eta gehiago gerturatzen zaizkizu dendara?

Bai. Badirudi mutilek ere guapo joan nahi dutela eta txaleko bila etortzen zaizkit asko. Aurretik ere barra-barra egiten ditut sanjoanetan, eskopetaritan ateratzeko.

Krisi garaian jendeak geroz eta gehiago jotzen al du zuengana jantziak zaharberritzera?

Ez dut bereziki nabaritzen, guk beti izaten dugu lan asko horrelako konponketak egiten. Barrenak hartu, kremailerak aldatu, ukondokoak jarri, galtzen hankartetan adabakiak jarri, errezeletan edo maindireetan gomak ipini... Konta ezinezko lanak dira. Lana eskatzen dute, baina ezin duzu gehiegi kobratu. Guk zerbitzu hori ematen dugu eta jende asko etortzen zaigu. Baita gizonezkoak ere. Garai batean laguntzaile bezala etortzen zitzaizkigun, emazteak enkargua egin bitartean isil-isilik egoten ziren andrean ondoan. Orain bakarrik etortzen dira eta gure bezeroen artean ia erdiak izango dira gizonezkoak.



Zenbat langile aritzen zarete dendan?

Bi langile gabiltza. Koinatarekin batera aritzen naiz eta ondo moldatzen gara. Uste dut garrantzitsua dela elkar ondo ulertzea. Berari ere gustatzen zaio jostea.

Pasioz bizi duzu zure lana.

Bai. Jendearekiko tratua gustatzen zait, baina batez ere jostea. Buruan ibiltzen ditut diseinu berriak, etengabe ari naiz jantzi berriak irudikatzen. Jositako jantzietan azkena beti iruditzen zait egindako guztietan ederrena. Gero saltzerakoan pena ere ematen dit jantzi hauek besteen esku uzteak. Nire sorkuntza lanak direla sentitzen dut.

Ospatuko duzu Santa Luzia eguna?

Bai. Ez dugu asti gehiegirik izaten, sasoi honetan lanez lepo ibiltzen garelako. Ez dugu dendarik ixten baina egun horretan edo asteburu horretan, behintzat, afaltzera joaten gara elkarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!