Gipuzkoako EAJ-ren Herrialde Batzarrak 2023ko maiatzaren 28an Batzar Nagusietarako egingo diren hauteskundeetan alderdi jeltzalea ordezkatuko duten pertsonak izendatu ditu. Gipuzkoako EAJ-ren organo erabakitzaile gorenak Eider Mendoza Larrañaga ahaldun nagusirako hautagai eta Xabier Ezeizabarrena Saez Batzar Nagusietako presidenterako hautagai, izateko berretsi ditu. Bi hautagaiek aho batez babestu dute batzarra.
Bestalde, Gipuzkoako lau hauteskunde-barrutietatik, Eider Mendoza Bidasoa-Oiartzungoaren buru izango da, eta Xabier Ezeizabarrena, Donostialdea barrutikoarena. Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urolakoaren zerrendaburua izango da, eta Olatz Peon, Oria barrutikoarena.
Hautaketa horiekin Gipuzkoako foru erakundeetan EAJ ordezkatuko duten pertsonak hautatzeko barne prozesua amaitu dute. Bozketa amaituta, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eskerrak eman dizkie EAJ-ko egungo batzarkideei azken lau urteetan egindako lanagatik. Alderdi jeltzalea ordezkatuko duten emakume eta gizonei buruz, esan du "Eusko Alderdi Jeltzalearen izateko moduaren adierazle garbia" direla. "Eraikitzaileak, baikorrak, aurrerakoiak, elkarlanerako irekiak eta abertzaleak dira; hain zuzen ere, euren abertzaletasuna, herri honekiko maitasuna eta konpromisoa, berdintasunaren, askatasunaren eta gizarte hobe baten alde lan egitera bultzatzen dituen motorra da".
Datozen udal eta foru hauteskundeei begira, Egibarrek esan du EAJk hiru oinarri nagusiren inguruan lanean jarraituko duela: garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa.