Bisita gidatu antzeztuak, bihar, Topic-en

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 2a, 16:57

Euskaraz edo gaztelaniaz eta familientzat izango dira, goizean, Tolosako museoan; arratsaldean, tailerraz gain, La Canica konpainiaren 'Chinchulina y el ruiseñor de la China' lana ikusteko aukera izango da.

Hileko lehen larunbatean bisita gidatu antzeztua egiten da Topic-en, familientzat, 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz; beraz, bihar egingo dute berriro. Interesa dutenek 943 650 414 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko; bestela, cit@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidali daiteke.

Arratsaldean, gainera, tailerra egiteaz gain, ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango da. 16:30ean, tailer bat egingo dute, eta 18:30ean, La Canica konpainiak Chinchulina y el ruiseñor de la China lana antzeztuko du. Bigarren aukera honetan izena emateko, 943 650 414 telefonora deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidali behar da.

Tailerrak, III. Madrilgo Haur eta Gazteentzako Jardunaldietan

III. Haur eta Gazteentzako Dramaturgia Jardunaldiak egiten ari dira Madrilen, Zentro Dramatiko Nazionalak antolatuta. Jardunaldi hauek helburu dute antzerki-idazketari eta nazioartean izan dezakeen eragina zabaltzeko aukerari buruzko erreferentzia-hitzordua finkatzea. Zenbait gaiei buruz hausnartzeko «aukera bikaina» izaten ari dela nabarmendu dute Topic-etik: haur eta gazteen antzerki-idazketa eta parte hartzeko aukerak, profesionalen eta publikoaren arteko harremana, haurrei zuzendutako sorkuntza zabaltzea edota arte eszenikoen lotura beste esparru batzuekin, besteak beste.

Ospe handiko espezialista eta profesionalekin egiten ari dira jardunaldi eta tailerrak; azaroaren 30ean hasi ziren eta bihar amaituko dira. Tailerren atalean, Topic izan da bi saio koordinatzeko ardura izan duena, Tolosako zentroko zuzendarikide diren Juanjo Herrerok eta Estitxu Zalduak gidatuta.

Herrerok, Madrilgo María Guerrero antzokian, herenegun, atzo eta gaur egin du Objektua eszenan eta bere esentzia dramatikoa izeneko tailerra. Arte Eszenikoetako hainbat esparrutako profesionalei zuzendutako proposamen praktiko gisa aurkeztu du, objektuen eta txotxongiloen antzerkiaren dramaturgian sakonduz. Antzerki eta ikusizko-dramaturgiaren forma berriak eraikitzeko hainbat manipulazio-teknika erabiltzen dituzten konpainia profesionalen adibideak aztertzea eta praktikan jartzea du helburu.

Zalduak, berriz, bihar egingo du tailerra, Valle Inclán Antzokiko Mirlo Blanco aretoan, Gorputz baten pisua funtzioak irauten duen bitartean. Objektuak eszenara du izena eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Bere irudimena sustatzea du helburu, eguneroko objektuen bidez eraikitzen diren pertsonaien bidez, bizitza eta nortasuna emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!