Ring batean dantzan

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 2a, 07:57
LOF Ladies on Fight. ATARIA

Dantza ikuskizun tragikomiko bat ikusteko aukera izango da, gaur, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan: 'LOF Ladies on Fight'. Borroka librean arituko dira lau emakume eta zeremonia maistra bat izango dute gidari; bakarrak irabaziko du lehia, dantza eta umore artean.

Ring bat, lau emakume borrokalari eta zeremonia maistra bat. Bi biren aurka, borroka librean, baina bakarrak irabaz dezake. Horixe da LOF Ladies on Fight dantza ikuskizunaren abiapuntua. Gaur izango da dantzaren bidez borroka librea ikusteko aukera, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

LOF Ladies on Fight Eva Guerrerok zuzendutako dantza ikuskizun tragikomikoa da, Doos kolektiboak sortu duena. Batez ere dantza ikusi ahalko dela aurreratu du zuzendariak, baina borroka libreak ere bere presentzia izango du, «dena umore ukitu batekin, kolore askorekin». Ikuskizunak 70. hamarkadako garaietara eramango du ikusle bat baino gehiago, musikak eta estetikak horretarako bide emango dutelako.

 

«Arte martzialek dantza garaikidearekin gauza mordoa elkarbanatzen dute»



Lau borrokalari izango dira oholtzan, ring barruan. «Pressing catch ikusten genuenean bezala, lau pertsonaia sortu ditugu, eta dantzari bakoitzak pertsonaia bat ordezkatuko du». Garazi Lopez de Armentia, Leire Otamendi, Helena Wilhelmsson eta Estibaliz Villa dira pertsonaietan sartuko diren dantzariak. Behin ringera igota, ordea, batetik La Pantera de Otxarkoaga ikusi ahalko da, «auzoa irudikatzen duen pertsonaia da, estilo gaurkotua duena, nolabait esateko, txoni bat». Bere bikotea Dancing Queen izango da, «pistako erregina eta egungo txapelduna, irabazteko faboritoa dena, urre kolorez jantziko dena». Bikote horrek batetik Lady Borroka izango du aurkari, «gure labela dena, 0 kilometrokoa», eta aldamenean izango du Sobacova, «atleta errusiar tipikoa, Errusia perfektutik datorrena». Ringean beraz, faboritoa dena, baldarra dena, perfektua dena eta guztia gaizki ateratzen zaiona elkartuko dira. Hori guztia Madame zeremonia maistraren begiradapean. «Ez du tuntunetik ezer eta genio txarra du; borrokalari bat du faborito eta beste borrokalari bat ez zaio batere gustatzen, ederki nabarituko zaio hori», kontatu du Guerrerok.



Bakarrak irabaziko du eta horretan datza ikuskizunak. Obrak aurrera egiten duen heinean, aitzakia hori erabiliko dute prekarietatea, lehiakortasuna, emakumearen sexualizazioa edota artearen merkatua bezalako gaiak azaleratu eta nabarmentzeko. «Antzezlanak aurrera egin ahala, obra honek dituen geruzetara jaisten joango da ikuslea, miseria handia dagoela ikusiko dute, hain koloretsua, hain ikusgarria eta itxuraz jai girokoa den eremu horren atzean».

Ikuskizunak oinarrian dantza izango badu ere, testu pixka bat ere badu, «egoera batzuk kontatzeko edo pertsonaiaren bat ulertzeko» balioko duena. Eta nola ez, umoreak bere lekua izango du ikuskizunean zehar; «paper garrantzitsua» izango du, baina «engainu baten modukoa» izango da, «gezur txiki bat bezalakoa». «Guztia kolorez apainduta egongo da, baina benetan pose bat bezalakoa izango da, erreala ez dena, horixe baita askotan saldu nahi digutena, beraz, hortik hitz egin nahi dugu guk ere», dio zuzendariak. Aitortu du, ordea, askotan, gauzak errazago barneratzen direla barre eginez jasotzen badira: «Barre egiten duzu, eta bi segundo pasa ostean pentsatzen duzu: 'Ai ene, zeri egin diot barre', eta zer pentsatua ematen dizu». Esan du, badagoela jendea obraren azalean geratzen dena, baina jendeak sakontzea ere lortzen duela, eta «kolorez margotzen dugun horretatik harago dauden gauzak» ikusiko dituela horrela.

Musikaren garrantzia

Obra honetarako apropos konposatutako abestiak entzun daitezke ikuskizunean zehar. Nerea Alberdik eta David S. Damianek sortu dituzte doinuak. «Musikak zentzua ematen dio saioari, duen erritmoagatik bereziki». 70. hamarkadako musikan inspiratuta musikatu dute ikuskizuna, Guerrerok azaldu duenez. «Erreferentzia oso argiak pasa dizkiet, Raffaella Carra edota Gloria Gaynor bezalako artistenak, nahiz eta gero badiren eszena batzuk japoniar danbor edota perkusioa gehiago nabarmentzen direnak, baina atmosfera beraren barruan».

Dantzara gonbidatzen duen musika dela dio, «pertsonaiei asko laguntzen die doinuak, esaterako, borrokalari bakoitzaren aurkezpenean musika jakin bat izango du».

Musikak berarekin darama erritmoa, eta ikuskizuna ere erritmo «bizikoa» dela aitortu du. «Hasieratik pentsatuta zegoen, erritmo azkarra du, oso aktiboa da, eta momentu jakin batzuetan ekintza bat baino gehiago gertatzen dira momentu berean, eta horrela, alde batera begira bazaude beste aldekoa galtzen ariko zara, baina nahita sortu nahi izan ditugu egoera horiek, eromen pixka bat sortzeko».

Erritmo horrek dantzariei ere bere lana eskatzen die, baina esan du dantzako beste ikuskizunetarako bezala entrenatu direla oraingorako ere. «Gorputzarekin egiten dugu lan, eta betidanik landu izan dugu elkar altxatzea, bikotekako manipulazioak..., hizkuntza berdinaren bueltan dantzatu ahal izateko prestatu dira dantzariak».

Borroka, dantza bidez

Borroka librean ariko dira protagonistak ring barruan, baina dantza eginez, dantzariak direlako, besteak beste. Guerrerok uste du borroka libreak eta dantzak badutela lotura. «Urte asko daramatzat tai txia praktikatzen, eta karatea ere egin izan dut. Beti esaten diet arte martzialek dantzarekin zerikusi handia dutela, aldatzen dena intentzioa dela».

«Borroka libreak dantzatik asko du, gorputzarekin lan handia egiten da bietan, lurrean mugimenduak egiten dira, zutik ere lantzen da. Asmoa ezberdina da bi diziplinetan: dantzan ez da bestea eraisten, ez da irabazte kontua. Baina nire ustez, arte martzial zaharrenak, puruenak, dantza garaikidearekin gauza mordoa elkarbanatzen du, bai maila teknikoan, bai gorputzaren erabileran, eta baita zentroaren ulermenean ere».

Doos kolektiboak, LOF Ladies on Fight ikuskizunaren aurretik, Gorpuztu ikuskizuna taularatu zuen. «Erabat ezberdinak dira bi lanak, gaua eta eguna dira», dio Guerrerok. Azken proiektu hau bere karrera profesionalean egin duen lanik desberdinena dela esan du, «bai ulertzeko moduan, baita sortzeko moduan ere, eta zer esanik ez emaitzan». Gorpuztu-ren kasuan, «su motelean egositako lana» izan zela kontatu du, ikerketa prozesu batetik jaiotakoa. Ildo horretan jarraitu nahi zuen zuzendariak hurrengo proiektuekin ere, baina Gorpuztu-ri arnas pixka bat eman nahi zion, «bere kabuz hegan egin zezan». Horregatik erabaki zuen erregistroz guztiz aldatzen zen proiektu batekin hastea: «Gorpuztu egiten ari nintzela, Netflixen ikusgai dagoen Glow telesaila hasi nintzen ikusten; txikitan Pressing catch ere ikusten nuen, eta gauza bera zen, baina emakumeak izanda protagonista. Ikusten ari nintzen bitartean pentsatu nuen dantzara eraman nahi nuela, oholtzan egin nahi nuela hori». Hala ere, argi du hurrengo proiektuetan Gorpuztu-ren bidetik jarraitu nahi duela. Oraingoz, Tolosako gaurko hitzordua da LOF Ladies on Fight ikuskizunarekin 2022ko biran egingo duten azkena.

 

LOF LADIES ON FIGHT

Zuzendaritza eta testua: Eva Guerrero.

Antzezleak: Garazi Lopez de Armentia, Leire Otamendi, Helena Wilhelmsson, Estibaliz Villa eta Maria Urcelai.

Koreografiak: Sorkuntza kolektiboa.

Argiztapena: Arantza Heredia.

Jantziak eta arte zuzendaritza: Azegiñe Urigoitia.

Musika: Nerea Alberdi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!