Euskal Herriko Kopan bigarren postua lortu du Tolosaldea IKT-k

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 1a, 11:58
Tolosaldea IKTko mutilek lehen postua lortu zuten Euskal Herriko Kopan, Usabalen. MARKEL SAN JOSE

Orain arteko posturik onena da eskualdeko igeriketa taldearentzat. Usabalen egin zen proba, eta mutilek lehen postua lortu zuten eta neskek hirugarrena.

Orain arteko emaitzarik onenak lortu ditu Tolosaldea IKT igeriketa taldeak Euskal Herriko Kopan. Tolosako Usabal igerilekuan izan zen jokoan aurreko asteburuan, eta etxeko taldeak bigarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean lehen aldiz, iaz lortutako hirugarrenetik koska bat igoz. Mutiletan iaz lehen aldiz lortutako lehen postua berretsi zuten, eta nesketan hirugarren postua lortu zuten, iazko posizio bera ere. Taldeko 24 igerilarik parte hartu zuten.

«Gure Txapelketa kuttuna da», esan du Joseba Zubeldia Tolosaldea IKT-ko entrenatzaileak. «Oso garrantzitsua da taldea lantzeko. Jende askok parte hartzen du eta bakoitzak igeri egiten duen horrek balio du puntuak lortzeko. Oso gustura gaude lortutako emaitzekin, eta baita aurretik egindako lan eta prestakuntzarekin». Zubeldiak gaineratu duenez, lortutako emaitzek erakusten dute hobetzen ari direla: «Nabarmena da hobekuntza, jendeak ikusten du eta pozik gaude. Entrenamendu sistema bat ezartzen ari gara bere emaitza onak ematen ari dena eta oso gustura gaude».

Usabalen lortutako emaitzak ere balio izango du Espainiako Koparako. Ohorezko maila dago eta hor zortzi talde daude, eta horren ondoren lehen maila dago, eta hor hamasei talde daude. Maila horretatik sei talde jaitsi egingo dira, eta beste sei igo. Igoko diren sei talde horiek zein izango diren erabakitzeko, estatuko hainbat erkidegotan kopak antolatzen ari dira, asteburuan Usabalen egindakoa bezalakoak. Guztira 81 taldek parte hartuko dute kopa horietan eta sei lehenengoak igoko dira lehen mailara. Oraindik hainbat kopa egin gabe daude, baina Euskal Herrikoan lortutako emaitzen arabera Zubeldiak espero du Tolosaldea IKT lehen sei postu horien artean egotea. Eguberrietan jakingo da sailkapen orokorra.

«Lehen mailara igotzen bagara, beste pauso bat ematea suposatuko du guretzat», esan du entrenatzaileak. «Inoiz ez dugu lortu lehen mailan egotea. Agian kalitatea izan dugu, baina lehen 50 metroko igerilekuan egin behar izaten ziren proba horiek. Aurreko urtean postu batengatik geratu ginen kanpoan, beraz aurten sartzen bagara, beste errekonozimendu bat jasoko du taldeak. Garrantzitsua da guretzat». Horrez gain, igerilarientzat «motibazio handia» sortzen duen txapelketa dela gaineratu du Zubeldiak: «Taldea mantentzeko eta egunerokotasunean talde lana egiteko garrantzitsua da».

Emaitza horiek guztiak fitxaketarik egin gabe lortzen ari direla nabarmendu du Zubeldiak: «Gure filosofia ez da fitxaketak egitea gero kopetan emaitza onak lortzeko. Enaitz Goñi Donostiatik etortzen den igerilaria da, baina beste guztiak Usabalen prestatu eta entrenatzen dute».

MARKA NABARMENAK

Asteburuan marka nabarmen batzuk egin zituzten gainera taldeko bi igerilarik: Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia. Garridok 100 metro bizkarrean 59,46ko marka egin zuen, Euskadiko errekor absolutua eginez, eta Espainiako 15 urtekoen marka apurtu egin zuen, eta lehenengoa izan da adin horrekin minutu batetik jaitsi dena proba horretan. «15 urte ditu eta junior mailako lehen urtean dago, baina maila absolutuko marka dotoreak egiten ari da», esan du Zubeldiak. «Europako egungo junior mailako sailkapenean lehenengo postuan jarriko litzateke asteburuan lortutako marka horrekin».

Proba berean, Mattin Zubeldiak 55,41ko marka egin zuen, eta Euskadiko 15 urtekoen errekorra apurtu egin zuen. «Maila handiko marka da», zehaztu du entrenatzaileak. «Bizkar estiloa gure espezialitatea dela esan daiteke. Historikoki hor izan ditugu emaitza onenak eta horrela jarraitzen dugu». Azkenaldian erakusten ari den maila dela eta, Zubeldia lehen aldiz hautatua izan da infantil mailako Espainiako selekzioarekin egonaldia egiteko, eta datorren astean izango du horretarako aukera.

Bera aldetik, Nahia Garrido hautatua izan da Espainiako Federazioaren aldetik 2028 programan parte hartzeko, hau da, urte horretako Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko prestaketekin hasteko. Programa horretan parte hartzeak egonaldiak egitea eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea suposatzen du. Hain justu, Garridok asteburu honetan Rotterdamen (Herbehereak) egingo den txapelketa batean parte hartuko du. Bertara ere joango da Joseba Zubeldia entrenatzaile moduan. «Eskertuta nago Espainiako Federazioak gonbidatzen nauelako», esan du. «Asko ikasten ari naiz eta ikasitakoa taldean aplikatzen saiatzen gara».

XXII. PACO SANCHEZ SARIA

Larunbatean, Usabal kiroldegiko igerilekuan XXII. Paco Sanchez Saria izango da jokoan, benjamin eta alebin mailentzako. 15:30ean hasiko da eta 17:45ak aldera bukatuko dela espero dute.

Nahia Garrido, 100 metro bizkarrean egindako marka ospatzen. MARKEL SAN JOSE

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!