Deliberatzeari ekin dio Tolosako Lehen Herritarren Batzarrak

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 1a, 11:00

Orain arteko saioetan, adituen informazioa eta arituen esperientziak jaso dituzte batzarkideek eta orain jasotakoaren inguruan hausnartu eta gomendioak landuko dituzte. Azken saioa abenduaren 19an izango da eta bertan udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete proposamenak.

Tolosako Lehen Herritarren Batzarra heldu da dagoeneko prozesuaren erdigunera. Urriaren 22an ekin zioten deliberazio prozesu aitzindari eta berritzaile honi eta orduz geroztik 3 saio egin dituzte jada osasuna eta ongizate emozionala oinarri eta hizpide hartuta. Zozketa zibikoz aukeratutako 32 tolosar parte hartzen ari dira prozesuan, eta helburua da guztiek elkarrekin ondorengo galderari erantzutea: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

Prozesu deliberatzaile hau bost saioz osatuta dago eta dagoeneko amaitu dira lehen hirurak. Horietan, parte-hartzaileek osasuna eta ongizate emozionalaren inguruan sakondu ahal izan dute, horretan adituak diren profesionalen zein arituen laguntzarekin.

Lehen saioan, esaterako, osasunaren eta ongizate emozionalaren eta lankidetza publiko-komunitarioaren marko orokorrak jaso zituzten; bigarren saioan, bakardadearen, feminismoaren, haur eta gazteen zein zahartzaroaren inguruan sakondu ahal izan zuten eta informazio saioa ixteko, hirugarren saioan, batzarkideek Tolosako esperientziak ezagutu ahal izan zituzten tokiko eragileen eskutik. Saio horretan, halaber, prozesuaren hurrengo urratsak irudikatze aldera, taldean deliberatzeko adostutako arauak, gomendioen egitura eta horien hainbat adibide aurkeztu zitzaizkien. Horri lotuta, deliberazio prozesuari hasiera emateko eta gomendioak nola landu praktikan jartzeko ariketa bat ere garatu zuten. Orain arteko lanketa guztia ikusgai dago www.tolosa.eus webgunean.

Gomendioak lantzen

Orain, informazio guztia jasota, lehen fase hori itxi eta abendura bitartean deliberazioan murgilduko dira batzarkideak, osasunaren eta ongizate emozionalaren inguruan gomendioak lantzeko.

Bi saio izango dituzte horretarako, abenduaren 3an eta abenduaren 17an, alegia. Azken saioan prozesuaren hasieran planteatu zitzaien galderari erantzuna emateko landutako gomendioak aurkeztuko dizkiete batzarkideek udal ordezkariei. Ondoren, udal arduradunek ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute eta 2-3 hilabeteko epean herritarrek egindako gomendioei erantzuna emango diete, zein inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.

Saioetako batean landutako irudia.

Haurrak ere, murgilduta

Haurren Hiria proiektutik abiatuta, ongizatea eta osasun emozionala lantzeko deliberazio prozesua egingo da 8-12 urteko haurrekin ere. Kasu honetan, Herritarren Batzarra garatzen ari den prozesu berdina jarraituko da, noski, haurrei egokituta. Hori horrela, haur partaideak zozketaz aukeratu dira eta herriko hiru ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte. 

Guztira 8-12 urte bitarteko 40 haurrek hartuko dute parte eta lau saiotan banatuta lau gai desberdin landuko dituzte: emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea. Haurren deliberazio prozesua abenduaren 16an hasiko da eta martxoa bitarte luzatuko da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!