Klima eta energiaren helburuei heltzen laguntzeko 'Erreminta-gida' aurkeztu diete eskualdeko ordezkariei

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 30a, 16:00

Tolosaldeko, Goierriko eta Urola Garaiko udal ordezkari, teknikari eta garapen agentzietako kideak elkartu dituzte Tolosako kultur etxean. 30 teknikari berri kontratatzeko aukera iragarri du Mari Mar Alonsok, Ihoberen Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendariak.

Udalerriek eta eskualdeek 'Erreminta-gida' programan jasotako ekimenak eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, «klima-krisiari ekiteko eta Euskadin energia aurrezteko Kontingentzia Planari erantzuteko», azaldu du Mari Mar Alonsok. Ihoberen Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendariaren esanetan, «tokiko eragileek zeregin garrantzitsua izan dezakete krisi klimatiko eta energetikoari aurre egiteko palanka gisa».

Tokiko administrazioek teknikariak hautatu eta kontratatzeko aukera izango dutela ere zehaztu du Alonsok: «Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordio bati esker, aldaketa klimatikoko eta trantsizio energetikoko 30 teknikariren kontratazioa bultzatuko dugu urtebetez».

Langile horiek, tokiko administrazioek klima eta energia planak garatzeko eta energia berriztagarriak aurrezteko eta ezartzeko neurriak hedatzeko laguntza eskainiko lukete. Mari Mar Alonsoren esanetan, «herri batzuek teknikari bat kontratatzeko ahalmena izango dute, eta besteentzat garapen agentziak euskarri garrantzitsuak izango dira, eskualde honen kasuan Tolosaldea Garatzen».

Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek deitutako batzar informatiboan, besteak beste, Tolosako, Anoetako, Irurako, Adunako eta Abaltzisketako udal ordezkariak izan dira. Tolosaldea Garatzeneko kideek eta eskualdeko teknikariek ere parte hartu dute aurkezpen ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!