Asuncion Klinikak eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak proiektu pilotu bat jarri dute abian

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 30a, 16:51

Egonaldi ertaineko pazienteentzako aisialdiko eta estimulazio kognitiboko jarduera da; ikastetxeko ikasleak astero joaten dira ospitalera, eta hainbat jarduera eta tailer egiten dituzte Egonaldi Ertaineko Ospitalizazio Unitateko pazienteekin.

Asuncion Klinikak eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak aisialdiko eta estimulazio kognitiboko programa pilotu bat jarri dute abian, Tolosako ospitaleko egonaldi ertaineko pazienteentzat. Horrela, astero, prestakuntza-zentroko Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Artatzeko Teknikariaren graduko ikasleak ospitalera joaten dira, zentroko Egonaldi Ertaineko Ospitalizazio Unitateko pazienteekin jarduera kolektiboak eta indibidualak egiteko. Saioetan hainbat jarduera egiten dituzte, hala nola, irakurketa egokitua, erlaxazioa, musika, adierazpen plastikoa edo memoria-jolasak.

Amaia Karrera Inmakulada Lanbide Ikastolako heziketa-zikloko tutoreak adierazi duenez, ikasleek, aldez aurretik Asuncion Klinikak astero ematen duen informazioarekin, unitatean ingresatuta dauden paziente-motaren arabera, aste horretan garatuko dituzten jarduerak prestatzen dituzte. 25 ikasle parte hartzen ari dira jardueran, gehienez bi pertsonako 7 taldetan banatuta daudenak, eta txandaka joaten dira ospitalera. «Ikasleak oso pozik eta motibatuta daude proiektuarekin, eta pazienteekin topaketa izan duten lehen taldeek asko gozatu dute. Belaunaldien arteko topaketa oso aberasgarria izaten ari da, eta pazienteek oso harrera ona egiten diete ikasleei. Askok zoriondu ere egin gaituzte ekimenagatik», gaineratu du Karrerak.

Asuncion Klinikak azaldu duenez, jarduera hau ospitale-esperientzia hobetzeko abian jartzen ari diren ekimen batzuen barruan kokatzen da, asistentzia sanitarioaz haratago. Klinikako zuzendari mediko Maria Caballero doktoreak adierazi du ospitale-egonaldia, berez kausa medikoagatik, «gogorra» dela. «Gure helburua egonaldia gizatiarragoa eta aspergarriagoa egiten duten elementuez hornitzea da, eta, aldi berean, pazientearen osasun orokorrarekin zuzenean lotuta dauden gaietan lan egitea da, hala nola ospitaleko egonaldi batek, batez ere luzatuz gero, zaharrenei eragin diezazkiekeen alterazio kognitiboetan», esan du.

Proiektu hau 2020tik martxan dagoen Sabor da Vida ekimenaren ildo beretik doa, non ostiralero ospitaleratutako pazienteentzat eskuragarri dauden menuen artean, KM0 berezi bat sartzen da, klinikaren sukaldaritza-zerbitzuaren sormenari lehentasuna ematen diona. «Horrela, otorduari ilusioa ematen diogun eta tokiko hornitzaileei balioa ematen diegun bitartean, ospitaleko desnutrizioaren prebentzioan lan egiten dugu», azaldu du Caballerok.

Oraingoz, urte amaierara arte luzatuko den aisialdiko eta estimulazio kognitiboko proiektua, fase pilotuan dago. 2023aren hasieran ebaluazioa egingo dute eta, horren arabera, Inmakulada Lanbide Ikastolako prestakuntza ez-arautuetako ikasleekin jarduera egonkor gisa jarraitzea erabakiko dute.

Dieta orekatuari buruzko hitzaldia, bihar, Topic-en

Asuncion Klinikako Dietetika eta Nutrizioko espezialista Ariane Nuñezek dieta orekatua eta jasangarria nola mantendu azalduko du bihar, osteguna, Topic-en. 18:00etan izango da saioa eta, besteak beste, modu orekatuan eta jasangarrian elikatzeko gakoak eta aholku praktiko emango ditu.

Jasangarritasuna gero eta gai garrantzitsuagoa da elikatzeko modua aukeratzeko orduan. Horregatik, ingurunea errespetatzen duten elikagaiak, bio edo hurbiltasun etiketa duten elikagaietara jo beharrik gabe, norberaren dietara modu orekatu eta osasungarrian nola gehitu daitezkeen erakutsiko du Nutrizio eta Dietetikako espezialistak.

Gainera, beste gai batzuk ere landuko ditu, hala nola, gure pisua osasuntsu mantentzearen garrantzia, modako dietak: baraualdi intermitentea eta paleo nutrizioa, etxeko janariaren inguruko mitoak eta abar. Bertaratutakoek, modu kontzientean eta ingurunearekiko errespetuz, osasuntsu elikatzen ikastea izango da helburua. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!