Adur Echart bidea egiten ari da parkour txapelketetan

Ataria 2022ko azaroaren 30a

Adur Echart, Espainiako Parkour Txapelketan.

Kirolari tolosarrak 11 urte ditu eta freestyle edo estilo libreko infantil mailako Espainiako Txapelketan finalean sartu ondoren zazpigarren postua eskuratu du.

Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu berri da Espainiako Parkour Txapelketa. 11 urteko Adur Echart tolosarrak infantil mailan parte hartu du, hau da, 14 urte arteko mailan. Freestyle edo estilo librean finalera sailkatu zen Echart eta zazpigarren postua lortu zuen. Speed edo abiadura proban 18. postua lortu zuen eta ezin izan zuen finalera pasa. Bere adina kontuan izanik, emaitza oso onak lortu zituen tolosarrak Espainiako Txapelketan egin zuen lehen parte hartzean.

Parkourra Parisko kaleetan sortu zen 80ko hamarkadan, gazte batzuk hiri altzarietan jauziak eginez hasi zirenean, mugimendu ikusgarriak eginez. Egun gimnastikako federazioaren barruan dago, eta txapelketetarako leku estalietan egiten da. Oztopoak jartzen dira, eta abiadurako modalitatean ibilbide jakin bat egin behar da ahal den denbora gutxienean. Estilo librean kirolariak mugimendu akrobatikoak egiten ditu, eta epaileek puntuak ematen dizkiote.

Echart konfinamendu garaian hasi zen etxean txilinbueltak eginez, judoa egiten duen bere aita Pablo Echartek erakutsita. Hain justu, bere aita aritu da orain arte entrenatzaile moduan. «Tolosako judo klubean eta kalean egindako entrenamenduek bere fruitua eman dute», azaldu du Pablo Echartek.

Iruñean Iñaki Lasaga donostiarra ezagutu zuten. Helduen mailan lehiatzen da Lasaga, eta aurrera begira Echartek berarekin parkourrean garatzeko aukera izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!