ELKARRIZKETA

«Niri arraroagoa egiten zait AEBetako batek baino Euskal Herriko norbaitek makina bat erostea»

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 5a, 07:59
Julen Mercader, bere tailerrean tatuajeak egiteko makinekin lanean. I.G.L.

Julen Mercaderrek (Tolosa, 1988) tatuajeak egiteko makinak diseinatu eta saltzen ditu, MerkaMachines izeneko enpresaren bitartez. Tolosako Berazubi auzoko lokal batean du bere tailerra.

Tatuajeak egiteko makinak egiten dituen bakarra da Euskal Herrian, baina bere bezero gehienak Ameriketako Estatu Batuetakoak dira. Ilusioa egiten dio inguruko norbaitek bere makina bat erosten dionean.

Makina batean pentsatzerakoan, zerbait handia irudikatu ohi da, baina tatuaje makinak ez dira handiak. 

Ez, saiatzen naiz ahal den makina txikiena eta pisu gutxienarekin egiten, ahal den erosoena izateko erabiltzerakoan. Azken finean, eskuarekin tatuatzen da, eta marrazkiak egiteko, aipatutako ezaugarri horiek izatea komeni da. Nik egiten ditudan makinak oso txikiak dira, esku batean bost edo sei jar ditzakezu.

Eta nola deskribatuko zenuke?

Tatuaje makina batek orratz bat gora eta behera mugitzen du. Boligrafo itxurako hodi bat duzu, barruan orratza doa, eta gero hodi horren goran jartzen da nik egiten dudan makina, orratz hori gora eta behera mugitzen duena. Sekulako aukera dago, hasi orratzek egin ditzaketen mugimendu ezberdinetatik, makina bakoitzak orratza mugitzeko dituen ezarpenetaraino. Hor sekulako mundua dago.

Euskal Herrian horrelako makinak egiten dituen bakarra zara, ezta?

Nik dakidala, bakarra naiz. Lehen bazegoen Iruñean pertsona bat. Eta estatu mailan dozena bat izango dira makinak egiten dituztenak.

Zu zerbaitengatik bereizten zara?

Iruditzen zait tatuatzerako garaian dagoen gauzarik zailena marra lodi bat egitea dela. Marra fin bat edozein makinarekin egin daiteke, baina marra lodi bat egiteko makina indartsu bat behar duzu, eta horrekin batera kolpe eta ibilbide ezarpen batzuk behar dituzu. Horrelako makina bat sortzea ez da hain erraza. Nik egiten ditudan makinak horregatik bereizten dira: orratz asko dituen multzo batekin marra indartsu batzuk egin ditzakezu, pasada batean, behin eta berriro pasa gabe. Horrez gain, marra finak egiteko makinak ere egiten ditut, itzalak eta puntutxoak uzten dituzten makinak ere bai... Denetatik.

Kanpotik itxura berdina izan arren, gero funtzio ezberdinak izan ditzakete.

Azkenean makina doitu dezakezu. Ospetsuena den eta gehien saltzen dudan makinak doitzeko modu pila bat ditu. Makina horrek marra potolo bat egiten dizu eta marra fin bat ere bai. Gero badaude bakarrik marra potoloak egiteko makinak eta beste batzuk marra finentzat.

«Egiten ditudan makinak oso txikiak dira, esku batean bost edo sei jar ditzakezu»

Makina horien diseinua eta azken ukituak ematen dituzu, baina makina bera egiteko beste makina handiago batzuk behar dira, ezta?

Nik diseinua ordenagailuarekin egiten dut, zentro mekanizatu batera bidaltzen dut, eta gero beraiek lagin bat bidaltzen didate. Nik hori probatu egiten dut nire tailerrean, eta ikusten badut zerbait aldatu behar dela, esaten diet nola moldatu eta ondoren sorta bat egiten dut. Aparte motorrak eta torlojuak erosten ditut, eta gero nire tailerrean muntatzen ditut makinak.

Nolatan sartu zinen tatuatzeko makinen mundu horretan?

Tatuajeak gustatzen zitzaizkidan, lagunak nituen tatuaje egileak zirenak, eta beti izan naiz abila eskuekin. Tatuaje egileak ziren lagunek esaten zidaten makinaren bat egiten saiatzeko. Nik aroztegi batean egiten nuen lana, eta tatuatzeko makina batzuk egin nituen egurrezko txasisarekin. Gero oso kuriosoak ziren makina batzuekin jarraitu nuen. Bizarra mozteko makina errusiar batzuk bazeuden elektrizitate gabekoak, karraka batekin, soka emanda funtzionatzen zutenak, eta bi minutuko autonomia zutenak. Horiek moldatu eta tatuatzeko makinatan bihurtu nituen. Hiru bat egin nituen, eta tatuatzen zuten lagun batzuei eman nizkien. Hortik Instagram eta Facebooken hasi nintzen publikatzen egin nituen makinak, eta interesa piztu zuten.

Pixkanaka gehiago sakontzen joan zinen, beraz. 

Bai, eta hor gertatu zen aldizkari batek elkarrizketa bat egin zidala egiten nituen makinen inguruan. Bideo bat publikatu zuten nire lanaren inguruan, eta hurrengo egunean Facebooken eta Instagramen ehunka pertsona nituen galdezka makinen inguruan. Hor salto bat eman nuen, eta aprobetxatu egin behar nuela pentsatu nuen. Errusiako makina horiek erosten hasi nintzen, gero horiek moldatu eta saltzen nituen Instagram bitartez. Ez dira egunero erabiltzeko makinak; batez ere kuriosoak direlako sortzen dute ikusmina. Horrekin tatuatu daiteke, baina urtean bost bat tatuaje egiteko; bitxikeri bezala edukitzeko erosten ditu jendeak. Hiru bat urte egon nintzen ia bakarrik makina mota horiek egiten, eta gaur egun jarraitzen dut ere horrelakoak egiten. Gerora hasi nintzen makina profesionalagoak egiten, egunero erabiltzen direnak.

Ordenagailuarekin diseinatzen dituzu makinak. Zer ikasketa egin zenituen?

Nik arotzeria ikasi nuen eta denbora luzez aroztegi bateko kontrol numerikoan lana egiten egon nintzen. Ordenagailuz diseinatzeko oinarrizko ikasketak ditut. Buruan dudan guztia askotan ezin dut pasa hiru dimentsiotara. Nik planoetan marrazten dut eta gero enpresa batera joaten naiz hiru dimentsiotako prototipoa egiteko eta hortik aurrera ikusten dut zer aldaketa egin.

Zenbat urte daramatzazu tatuatzeko makinak egiten?

2015ean hasi nintzen, beraz, zazpi urte daramatzat. Hiru-lau urte egon nintzen batez ere bizarra mozteko makina errusiarrak moldatzen, eta gero makina profesionalekin gehiago murgildu nintzen.

Hemen inguruan gutxi izanik ere tatuatzeko makinak egiten dituzuenak, batez ere Europa aldera eta Ameriketako Estatu Batuetara saltzen dituzu. 

Nire salmenten %80 inguru Ameriketako Estatu Batuetara doa zuzenean. Beste %15a Europa aldera: Alemania, Frantzia, Italia... Falta den beste zatia estatu mailan saltzen dut. Ez dakit zergatik nire bezero gehienak Ameriketako Estatu Batuetakoak diren. Bertan askoz ere tatuaje egile gehiago egongo direnez, pentsatzen dut hori izango dela arrazoietako bat. Niri arraroagoa egiten zait Ameriketako Estatu Batuetako batek baino Euskal Herriko norbaitek makina bat erostea. Bestalde, sekulako ilusioa egiten dit inguruko norbaitek makina bat erostea. Nire tailerrera norbait etortzen denean sekulako harrera egiten diot, eta oso gustura egoten naiz, makinaren erabilera eta ezarpenak zuzenean azaltzeko aukera izaten dudalako. Bestela posta elektronikoz azaltzen dut hori dena, eta Interneten baditut tutorialak azalduz nolakoak diren makinak, baina ez da gauza bera. Ingelesa asko ikasi dut, sare sozialetatik egunero ari bainaiz hitz egiten. Itzultzailea ere maiz erabiltzen dut, baina, bai, asko ikasi dut. 

Sare sozialak asko erabiltzen dituzu.

Hasi nintzenean Facebook erabiltzen nuen, baina orain oso gutxi. Instagram bitartez ematen naiz ezagutzera. Webgunea ere badut, eta bertatik saltzen dut, baina promozioa batez ere Instagrametik egiten dut.

Eta hor jarraitzaile ugari dituzu.

Baditut bai. Gaur egun 70.000 inguru izango dira. Leku askotakoak dira, baina gehienak Ameriketako Estatu Batuetakoak.

Etorkizunera begira, zer aukera gehiago daude mundu horretan?

Ni beti nabil saltsan. Makinaz aparte koadro batzuk egiten ditut, kartzeletan egiten ziren estiloko tatuatzeko makinak barruan sartuta. Tatuatzearekin zerikusia duten hainbat gauza egiten ditut, esaterako, makinen erakustokiak. Buruari eragiten nabil beti makina berriak diseinatzeko. Lanaldi erdiz lantegi batean egiten dut lan, eta ateratzen dudan denbora guztia nire enpresa propioa garatzeko erabiltzen saiatzen naiz.

Eta tatuajeak egiten dituzu?

Berez ez naiz horretan aritzen. Badut nire lokalean leku bat bereizia tatuajeak egiteko, nire makinak probatu ahal izateko. Ezagunei-eta egiten dizkiet tatuaje batzuk, makinak probatzeko, eta lagun asko ditut tatuajeak egiten dituztenak, eta zenbait estudiotara joaten naiz tatuajeak egitera gonbidatzen nautenean. Tatuajeak egiten ditut, beraz, baina oso gutxitan, ez baitut denborarik horretarako. Tatuaje bat egitea ez da bakarrik marrazten ematen duzun denbora, aurretik prestatu egin behar dira gauzak, marrazkiaren diseinua egin behar da, lan asko dago marrazten hasi aurretik.

Nola ikusten duzu tatuajearen mundua? Esan daiteke gero eta zabalduagoa dagoela?

Bai, orain jende askok du tatuajeren bat. Ez da orain urte batzuk bezala, tatuajeak zituztenak kasik seinalatuta zeudela. Kartzeletako jendea-eta izaten zen, marjinatuak zirenak-edo, nolabait esateko. Gaur egun normalizatuta dago, eta horrela jarrai dezala.

Tolosaldean eta inguruan nolakoa da egoera?

Tolosan bi estudio daude tatuajeak egiteko. Donostian asko irekitzen ari dira, eta hamar edo gehiago izango dira. Bartzelonan eta Madrilen pila bat daude, eta jendea estilo jakin baten bila joaten da.

Bezeroen artean baduzu norbait oso ezaguna dena mundu horretan?

Baditut bezeroak oso ezagunak direnak. Italiar bat badago Guinness marka bat zuena, eta hark erosi zidan makina bat; museo bat du, eta oparitu nion makina bat bertan jartzeko.

Aurrera begira zer asmo duzu?

Makinak gehiago garatzea, gero eta pisu gutxiago izan dezaten, kostuak ere ahal den gutxiena izan, eta ahal den makina gehienak saltzea. Eta, noski, erosten duenak pozik egotea saltzen dudan makinarekin, bai prezio aldetik, baita funtzionamenduaren aldetik ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!