Berdinketarekin amaitu da derbia

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 28a, 17:59

Laskorain eta Teep Tolosalak bina berdindu dute, Usabal kiroldegian jokatutako partidan.

Bi aldiz aurreratu ziren kanpokoak markagailuan, baina partidaren azken txanpan berdintzea lortu zuen Laskorainek. Puntu bana jaso dute beraz bi taldeek, eta egun Laskorain laugarren postuan dago sailkapenean, 18 punturekin, eta Teep Tolosala hamargarren postuan dago, 13 punturekin.

Lortutako puntua positibotzat hartzen du Mikel Juaristi Laskorain taldeko jokalariak: «Nahiz eta sailkapena eskuan hartuta faboritoak gu izan, derbiak oso lehiatuak izaten dira. Beraiek atzean geratuz oso ondo defendatu egin zuten eta guri kosta egin zitzaigun min egitea defentsa itxi horren aurrean». Meritu guztia ematen dio Juaristik aurkariei egindako lanagatik. «Azken lau minuturen faltan atera ziguten txartel gorri horrek min handia egin zigun, eta gero atezain-jokalaria aterata lortu genuen partida berdintzea». Juaristik gaineratu duenez, lortutako puntuak sailkapenerako asko ez die balio, baina ikusita nola joan zen partida eta punturik gabe geratzeko arrisku handia izanik, balekotzat hartu dute Laskorainekoek behintzat puntu bat gehitzea.

Teep Tolosalako Martin Lakunza jokalariak beraien planteamendua argi zutela azaldu du: «Lan asko egin behar genuela atzean eta gure aukerak izango genituela. Ezin genuen oparirik egin eta horretan saiatu ginen». Atzean ondo itxi zirela, eta Laskorainekoak ez zeudela eroso eta ez zituztela gol aukera gehiegirik sortu gaineratu du. Kontraeraso batean sartu zuten gola, eta atsedenaldia iritsi aurretik lortu zuen Laskorainek berdinketa. Bigarren zatian ere planteamendu berarekin atera ziren Teep Tolosalakoak, «gehiago estutzen» saiatuz. Laskorain jokalari bat gutxiagorekin geratu zenean, aprobetxatu egin zuten eta aurretik jarri ziren berriro. «Pena da beraiek azken   minutuan berdindu egin izana, garaipena gertu ikusten genuelako», esan du Lakunzak. «Azkenean kontentu gaude mailako talde indartsuenetako baten aurka puntu bat lortu dugulako bere etxean, eta partida serio bat egin dugulako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!