Marcia de Souza Nascimentok irabazi du Berria Zabalik-eko saria

Ataria 2022ko azaroaren 29a

Miren Harategiak 1.000 euroko bonua izango du Berrian publizitatean gastatzeko, eta Marcia Souzak, berriz, beste 1.000 euro dirutan, kanpainan parte hartu duten tokiko establezimenduetan kontsumitzeko.

Urriaren 25ean abiatu zuen Berria egunkariak Berria Zabalik kanpaina Tolosan, tokiko ekonomia biziberritzeko helburuarekin eta Berriari ikusgarritasuna emateko asmoz. Izan ere, komunitatearen artikulazioa eta kohesioa dute helburu tokiko merkataritzak eta euskarak, eta horretan eskutik helduta joateak eraginkorrago bihurtzen gaitu.

Hilabeteren ostean, baditu irabazleak kanpainak: Marcia Souza izan da norbanako sariduna, eta mila euro izango ditu kanpainan parte hartu duten establezimenduen artean gastatzeko hiru hilabeteko epean. Dendarien artean, berriz, saritua Miren Harategia da. 1.000 euroko bonua izango du Berriako paperezko egunkarian zein webguneko edizioan publizitatean baliatzeko.

Euskarak indarra eta presentzia hartu du merkatarien artean

Berriak antolatutako egitasmoan Tolosako 64 dendak parte hartu dute. Tokiko merkatari talde zabal batek harrera beroa egin dio Berriari eta ekarri duen kanpainari, eta euskarak plaza berriak irabazi ditu Tolosan. Sektoreei erreparatuz gero, gehienak arropa eta osagarrien dendak izan dira (33), osasunaren eta edertasunaren arlokoak (11), elikagaia arlokoak-saltokiak (9), etxe apainketakoak (4), zerbitzuak (3), etxetresnen arlokoak (2), jostailu dendak (1) eta informatika dendak (1). Horrekin batera, 6.000 norbanakok bete dituzte erosketa aldian zozketan parte hartzeko txartelak. Azaroaren 14tik 24ra bitarte, tolosarrek herrian bertan erosteko hautua egiteko abagune berri bat izan dute, eta, kanpainaren oihartzunari esker, eskualdetik ere bertaratu dira hainbat herritar, erosketen orgak betetzera.

Tokiko eragileen babesa

Berria Zabalik kanpainak tokiko eragileen erabateko babesa izan du. Tolosako Udalak egitasmoa babestu du, eta erraztasun guztiak eskaini, hasieratik kanpainaren balioekin bat eginez: euskara, tokiko ekonomia biziberritzea eta Tolosako biztanleen eguneroko bizitzan eragitea. Modu berean, Tolosa & Co Tolosako Dendarien Elkartea lagun izan dugu une oro, bazkideen arteko zubi lanak eginez eta ahotsa emanez merkatari txikiei. Aldi berean, Kutxabank finantza entitateak diruz babestu du kanpaina hau, eta eskertuta gaude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!