Jende asko bildu da gaur, Tolosako Asanblada Feministak deituta egindako manifestazioan. Numen dantza eskolako hainbat ikaslek eman diote hasiera mobilizazioari, eta Trianguloatik irtenda Alde Zaharrerako bidea hartu dute. Emakumeen kontrako indarkeriarekin esnatu eta oheratzen garela esan dute eta emakume hutsa izateagatik mikromatxismoak, aitorpen eza, gutxiespenak, bazterketa, irainak, bortxaketa eta erailketak pairatu behar dituztela esan dute. «Tolosan aurten emakume bat baino gehiagok salatu du sexu erasoak sufritu izana; gure babes osoa helarazi nahi dizuegu eta ozen esan nahi dugu ez dugula bat pasatzen utziko», esan dute manifestazioa bukatzerakoan. Era berean, Felisa, Sara Pina Ieregi eta Maria Luisa Larrañaga ekarri dituzte gogora, hain zuen, gizonezkoek aurten erail dituzten hiru emakumeak.
Indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duela esan dute eta sistema heteropatriarkal kapitalista egin dute errudun; «gure bizitzak kolpatzen jarraitzen du hamaika eratan eta etengabe mekanismo ezberdinak martxan jarriz». Horren adibide da, asanbladako kideek esan dutenez, emakumeek uda honetan jasan behar izan duten kontrol soziala, batez ere jai giroan. «Kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezu eta neurriak, poliziaren presentzia neurrigabea... eta dena, berriz ere fokua emakumeongan jartzeko. Kontrol sozial gutxiago eta alerta feminista gehiago».
Abortua ekarri dute gogora, era berean, eta Askabide klinikaren aurrean izandako protestak eta abortatzera doazen emakumeek jasaten duten jazarpena gaitzetsi dituzte. Indarkeria mota asko daudela esan dute –instituzionala, lan esparruan ematen dena, etxeetakoa, heteroarautik ateratzean ematen dena...– eta nazkatuta daudela esan dute ozen.
Gizonezkoei
Gizonezkoei zuzendu dira ere eta dagokien ardura hartzeko garaia dela esan dute. «Makinaria horren guztiaren oinarriak zuek zarete indarkeria hori gorpuzten ari zaretenak. Hartu egoerak eskatzen duen ardura eta erantzukizuna. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen».
Gora borroka feminista eta gora autodefentsa feminista oihukatuz amaitu dute Azaroaren 25ari lotutako aldarrikapen mobilizazioa.