Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2022

Sozialismoa aldarrikatu dute indarkeria matxistari aurre egiteko

Ataria 2022ko azaroaren 25a

Tolosaldeko Itaia antolakundeak deituta manifestazioa egin dute gaur, Tolosako kaleetan. Sistema kapitalistak indarkeria matxista hauspotzen duela eta zapalkuntza horri aurre egiteko errora joan behar dela esan dute.

Tolosaldeko Itaiak Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean egin du Azaroaren 25aren bueltako mobilizazioa. «Gaur egungo sistema kapitalistan ezinezkoa da indarkeria matxistarekin amaitzea, emakumeak zapalduta gaude eta sistemarentzat beharrezkoa da zapalkuntza horrekin jarraitzea», esan dute. Guzti honi aurre egiteko borroka ezin dela modu bakartuan egin esan dute eta horregatik aldarrikatu dute gizartea bere osotasunean aldatzea. «Errora joan behar da eta gizarte eredu hau suntsitu eta berri bat eraiki behar da. Gure ustez eredu berria klase zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabekoa izan behar du, hau da, gizarte sozialista bat izan behar da».

Era berean, esan dute gizarte kapitalistaren parte diren erakunde eta alderdi politikoek ezin dutela gizarte kapitalistarekin amaitu, izan ere, «beraien interes ekonomikoekin jarraitzeko beharrezkoa dute emakumea zapaltzen jarraitzea». Zentzu horretan indarrean dagoen erakundeetako «berdintasun faltsua» salatu dute eta horietatik kanpo antolatzeko deia egin dute. «Antolatzeko eta eskualdean autodefentsarako sortu ditugun espazioetan parte hartzeko deia egiten dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!