Pixkana Tolosaldeko Emakumeen Etxea, Andragora, gorpuzten ari da eta jada badu irudia. Oihana Pelaezen diseinuak irabazi du udalak abiarazitako lehiaketa eta diseinuaren «indar grafikoa, originaltasuna eta kalitatea» nabarmendu dute. Ekainean hasi zituzten emakumeen etxea egokitzeko lanak eta aurreikuspenen arabera 2023. urte hasieran irekiko dute. Hain justu, Azaroaren 25arekin aurkeztu nahi izan dute irudia, udalak nabarmendu duenez.
Bost emakumez osatutako epaimahai batek aukeratu du Pelaezen irudia. Hain zuzen, emakumeen etxeko lantalde politiko-teknikoko eta komunikazio lantaldeko ordezkariek, Tolosako Udaleko Berdintasun Kontseiluko ordezkari batek, Tolosako Udaleko teknikari batek eta diseinu grafikoan zein arte ederren arloko profesional batek. «Diseinu garbi, originala, landua eta kalitate handikoa izateagatik» hautatu dute Pelaezen lana. «Andragora hitzak indar grafikoa handitu du Tolosaldeko Emakumeen Etxearen izen propio gisa identifikatzeko», esan du udalak.
Obrak, martxa onean
Emakumeen etxeko lanak ondo doazela esan du udalak eta aurreikuspenen arabera, 2023ko urtarrilerako amaituta egongo dira aurrealdeko lokala egokitzeko lanak. Atzealdeko lokaleko lanak, aldiz, otsailerako egongo dira bukatuta. Guztira, 600 metro karratu izango ditu etxeak eta hainbat espazio: harrera-gunea, egongela, areto nagusia, balio anitzeko gelak, bilera gelak, bulegoak... Hainbat zerbitzu eskainiko ditu, halaber: aholkularitza zerbitzuak (psikologikoa, juridikoa, laborala, sexualitatearen ingurukoa...) eta ahalduntzeko gune eta dinamikak ere egingo dira.
Emakumeentzako Jabetze Eskolaren ikastaroak, tailerrak eta bestelako jarduerak bertan egingo dituzte ere. Emakume sortzaileen gunea ere garatuko da eta baita behatoki kritikoa ere, azterketa lanetarako. Halaber, ate irekien saioak, emakumeen etxeen arteko topaketak, tailerrak, ikastaroak, batzarrak, jarduera ludiko edo gastronomikoak (bazkariak, afariak...), jarduera kulturalak, kirol jarduerak, kaleko ekintzak edo ekimen solidarioak ere egingo dituzte.
Elkarlanetik sortua, indarrak batzeko
Hastapenetik, elkarlanean sortu eta garatutako proiektua izan dela esan dute eta prozesuan hainbat lantaldek eta emakumek parte hartu dutela gogoratu dute. «Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakumeentzako egoitza, eraldaketarako gune eta tresna izango da, indarrak batzeko espazioa; emakumeak ahalduntzeko, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko; horregatik aurkeztu nahi izan dugu etxeak izango duen irudia gaurko egunean, Andragora ezinbesteko erreminta baita Tolosa berdinzaleago eta feministago baten alde lanean jarraitzeko, indarkeria matxista errotik ezabatzeko, emakumeok indarrak batzeko», esan du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak.