Lau emanaldi antolatu dituzte 'Bizikidetza sustatzen' ekimenaren barruan

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 24a, 14:46

Azaroaren 30ean Tipularen sehaska kanta filma ikusteko aukera egongo da Leidor aretoan, 19:00etan. Ondoren solasaldia egingo dute bertan.

Bizikidetzaren aldeko 2022-2023 jardunaldien egitaraua azaroan hasi eta otsailean amaituko da, eta guztira lau ekitaldi egongo dira. Filmak, solasaldiak eta hitzaldiak gaur aurkeztu dituzte Tolosako udalbatzako hiru alderdietako ordezkariek.

Olatz Peon Tolosako alkatearen esanetan, «bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian, ordezkari politikook gure arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere».

Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko kideak, bere aldetik, ondorengoa adierazi du: «Bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek, eta egun ere urratzen direnak, eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepika nahi ez dugun bidea aurrez aurre erakusten digu; bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu».

Joxe Mari Villanueva PSE-EEko kideak, azkenik, saio hauen helburua zein den azaldu du: «Memoria, Egia eta Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa gizarteratu nahi dugu».

'Bizikidetza sustatzen', egitaraua:

• Azaroak 30, Leidorren, 19:00etan: Tipularen Sehaska kanta film dokumentala eta solasaldia. 2021. urtean egindako film honek presoek medikuarengana joateko, diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat jasotzeko dituzten zailtasunak bistaratzen ditu. Diskurtso politikotik haratago doan hizkera erabiltzen du, osasunerako eskubidetik kanpo dauden presoek bizi duten babesgabetasuna ikuspuntu emozional batetik aztertuz. Filma euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin eta 83 minutuko iraupena izango du. Emanaldiaren ondoren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango da.

• Abenduak 14, udalbatza aretoan, 19:00etan: Los campos de concentración de Franco hitzaldia. Carlos Hernández De Miguel kazetari eta ikerlariak , 2019an argitaratu zuen Los campos de concentración de Franco liburuan jasotako ikerketa eta aurkikuntzak izango ditu hizpide. Egindako ikerketan, 36ko Gerraren bukaeran milioi erdi inguru preso jaso zituzten ia 300 kontzentrazio eremu frankistei buruzko dokumentazio zabala aurkitu zuen. Guzti horretaz sakonki hitz egingo du hitzaldian Carlos Hernández De Miguelek.

• Urtarrilak 18, Leidorren, 19:00etan: Bolante baten historia filma eta solasaldia. Film dokumental honek, 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen Jose Miguel Etxeberria Álvarez, 'Naparra'ren desagerraraztearen inguruko ikerketa eta eragindako bizipenak jasotzen ditu.

• Otsailak 1, Leidorren, 19:00etan: Hirugarren koadernoa laburmetraia eta Bi arnas dokumentalaren emanaldiak. Saio honetan bi filma eskainiko dira. Hirugarren koadernoa laburmetraiak María Dolores González Katarain Yoyesek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu. Bi arnas filmak, izenak dioen bezala, bi arnasen historia kontatzen da; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena alegia. Biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Bi arnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!