Tolosako Haurren Hiria egitasmoak helburu du Tolosan bizi diren 8-12 urteko neska-mutilei hitz egiteko eta udalgintzan parte hartzeko aukera ematea, modu horretara herria nola bizi duten ezagutzeko eta, bereziki, haurrak erdigunean jarrita, haien hitz eta iritziei dagokien balioa emateko.
Haurren Hiriak, haurrekin elkarlanean, askotariko gaiak lantzen ditu urtero eta, oraingoan, egitasmo horretatik abiatuta, ongizatea eta osasun emozionala lantzeko deliberazio prozesua antolatu du udalak, hain zuzen, 8-12 urte bitarteko haurrekin garatzeko.
Kasu honetan, urrian martxan jarri zuten lehen Herritarren Batzordea garatzen ari den prozesu bera jarraituko dute, noski, haurrei egokituta. Lehenik eta behin, haur partaideak zozketaz eta hainbat adierazleren arabera (adina, sexua, jatorria, ikasketa maila…) aukeratuko dira, eta horretarako, herriko hiru ikastetxeetako ikasleak (Laskorain Ikastola, Herrikide eta Orixe) hartuko dituzte kontuan. Haurrei zein gurasoei prozesuaren berri emateko bideo bat zabaldu die udalak, ikastetxeen bitartez, aldi berean, prozesuan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.
4 gai, 4 saio eta 4 aditu
Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako haurrekin garatuko da lanketa, maila hauetako ikasgela bakoitzeko ordezkari bat izendatuta. Guztira 40 ordezkari izango dira, eta lau saiotan banatuta, lau gai landuko dituzte: emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea.
Saio bakoitzean aditu baten hitzaldia izango da, eta, ondoren, Gazteria sailaren gidaritzapean, gai horren inguruko hausnarketa eta lanketa egingo dute askotariko jolas eta ekintzen bitartez. Lehen saioa abenduaren 16an izango da, eta behin guztiak amaituta, egindakoaren berri emango diete haurrek parte hartzeko aukera izan ez duten gainerako gelakideei, haiei ere prozesua gerturatze aldera.
Ondorengo da haurren deliberazio prozesuaren egutegia:
- Abenduak 16, ostirala: lehen saioa, kultur etxean.
- Saio honetan emozioak landuko dituzte: antsietatea, beldurra. Aditua Ane Ablanedo izango da, haziera, heziketa eta pedagogian aditua
- Urtarrilak 20, ostirala: bigarren saioa, kultur etxean.
- Bigarren saio honetan dolua landuko dute Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal adituekin. Hauek Herrikide Ikastetxeko bizikidetza arduradunak dira.
- Martxoak 3: hirugarren saioa, kultur etxean.
- Saio honetan bullying-a izango dute hizpide Baketik Fundazioaren gidaritzapean. Fundazio honek, etika ardatz hartuta, eraldaketa pertsonala eta soziala sustatzen du, eta egiten duen dinamiketako bat eskola-jazarpena eta indarkeria prebenitzea da.
- Martxoak 31: laugarren saioa, kultur etxean
- Laugarren eta azken saio honetan bakardadea landuko dute Emoki taldearen bitartez. Hauek, bizitza afektibo-sexual osasuntsua eta kontzientea, kudeaketa emozionala edo teknologia berrien erabilera egokia sustatzen dute, formakuntza, aholkularitza, sentsibilizazio kanpaina eta baliabide didaktikoen bidez.