Herritarren ekarpena eskertu dute

Ataria 2022ko azaroaren 24a

Larunbatean egindako diru-bilketan 5.300 eurotik gora bildu zituen Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak.

Gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa emateko, ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte- langileekin konpromisoa hartzeko eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzeko helburuarekin, larunbatean, diru-bilketa egin zuen Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Tolosan.

Boluntario askok parte hartu zuten elkartasun ekintza honetan, herriko zenbait tokitan jarri ziren mahaietan banatuta. Horrez gain, herritar ugarik egin zuten bere ekarpena, eta guztira 5.342,11 euro bildu zituzten. Herritar horiei guztiei eskerrak eman dizkie elkarteak.

Ekarpen ekonomiko hori ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dute. «Ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiten jarraitu, eta gaixotasunaren prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango dugu. Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, diru-bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira hauek mantendu ahal izateko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!