Laskorain eta Teep Tolosala taldeen arteko derbia

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 23a, 19:59

Partida berezia izango dute areto futboleko taldeek Usabalen, larunbatean, 16:00etan; Laskorain laugarren doa sailkapenean eta Teep Tolosala bederatzigarren.

Areto futboleko hirugarren mailako derbia egongo da larunbatean, Usabal kiroldegian, 16:00etatik aurrera. Laskorain eta Teep Tolosala ariko dira aurrez aurre, eta biek dute argi partida berezia izango dela. «Tolosako bi talde gara, beste taldean lagunak ditugu, harmailak beteta egongo dira... Urduritasuna izango dugu, baina partida polita jokatu nahi dugu eta gogotsu gaude», esan du Martin Lakunza Teep Tolosalako jokalariak. Laskoraingo Mikel Juaristik pasa den denboraldiko derbia izan du gogoan: «Berez sailkapenean goratik goaz, baina derbiak derbiak dira. Iazko derbia oso lehiatua izan zen, nahiz eta 4-2 irabazi azken momentura arte 3-2 irabazten joan ginen. Iazko derbia eta izan dugun azken partida ikusita entrenatzaileak esaten zigun pasa den denboraldiko partida gogoan izateko. Izan ere, argi izan behar dugu ez dela erraza izango. Guk dugu faborito papera partida honetan, baina ikusiko dugu».

Bada kontuan hartu beharreko beste elementu bat; Teep Tolosala taldea orain arte —9. jardunaldia jokatu berri dute— etxetik kanpo aritu da hobeto, eta derbia ere etxetik kanpo jokatuko du. «Sailkapenean erdialdean gaude, 9. gaude 12 punturekin, eta bost partida galdu ditugu eta lau irabazi. Ez dago ez ondo eta ezta gaizki ere. Etxetik kanpo nahiko txukun ari gara, baina etxean kostatzen ari zaigu, bitxia da, iaz ez zen horrela izan. Irregular ari gara. Puntu gehiago lortu ditugu kanpoan», esan du Lakunzak.

Laskorain 4. postuan dago 17 punturekin, eta badaki larunbateko aurkaria garaitzea ez dela erraza izango. «Larunbatean kontuz joango gara, jakinda beraiek etxetik kanpo ondo dabiltzala. Derbiak oso lehiatuak izaten dira, beraiek oso eroso daude... kontuz ibili beharko gara», gehitu du Juaristik. Bi taldeetan eman dira aldaketak denboraldi honetan eta hori ere kontuan hartu behar dela diote. Laskorain taldean bi atezain berri daude eta azken 8 urteetan kapitain aritutako Beñat Balerdi Teep Tolosalan ari da orain. Teep Tolosalan taldea gaztetu dela esan du jokalariak; lau mutil gazte sartu dira. Hemen ere 10 denboraldi kapitain aritutakoak taldea utzi du aurten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!