Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatuko da. Euskaraldia martxan egongo da abenduaren 2ra arte eta hurrengo egunean, larunbatean, gure hizkuntzaren eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko ekintzak egingo dira hainbat txokotan. Hori dela eta, hainbat eragileren artean antolatutako egitaraua osatu dute Tolosan. Tolosako Udalak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak eta Altxa Burua taldeak elkarlanean antolatu dituzte egitarauko jardunaldiak.
Azaroaren 29rako prestatu dute lehen hitzordua. 19:00etan, kultur etxean, irakurle taldearen saio irekia egingo dute Ane Labaka idazlearekin. Erradikalak liburuari buruzko solasaldia izango da.
Hurrengo egunean, azaroak 30ean, Seme-alaben teknologia kontsumoa. Zer egin eta nola eragin? mahai ingurua antolatu dute, 18:30ean, Kultur Etxean. Pantailen eraginaren inguruan gogoeta egiteko saioa Pantailak Euskaraz ekimeneko Xabier Alkizarekin eta UEMAko euskara teknikaria den Garikoitz Goikoetxearekin. Altxa burua taldearen laguntzarekin antolatu dute.
Abenduaren 1ean, Jun ta bota! lagunarteko bertso-poteo inprobisatua egingo dute tabernaz taberna. 19:00etan elkartuko dira Tontokalen, eta hortik abiatuko dute poteoa. Harituzeko kideez gain, gainerako bertsozaleek ere parte hartzeko aukera izango dute, bertsozaleen gozamenerako.
Abenduak 2an, Nerea Arriolaren Mikrotik... bakarrizketa umoretsua izango da, 19:00etan, kultur etxean. Bertan, umoregile ezagunak euskal hiztunen ahaleginak, penak, pozak, zalantzak, bitxikeriak... izango ditu hizketagai, ikusleak egoeran jarri eta hausnarketa probokatzeko helburuz. Sarrera doakoa izango da.
Euskararen egunean, abenduak 3an, euskarazko kantuen bingoa antolatu dute. 12:00etan hasiko dira, Trianguloan. Tolosaldeko herrietan antolatu den ekintza bateratua da bingo musikatuarena. Parte hartu nahi dutenek, kantuak asmatuz osatu beharko dute bingoa, saria eskuratzeko. Kartoiak egunean bertan egongo dira eskuragai.