Euskal Mendizaletasunaren Museoa hartuko du Arkaute etxeak

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 23a, 16:00
Agerraldi jendetsua egin dute gaur, Arkaute etxean.

2024. urterako ireki nahi dute Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrenarekin eta XIV. Orduak mendi ibilaldiaren ospakizunarekin bat eginez. 

Tolosako Larramendi auzoan dagoen eta udalaren jabetzakoa den Arkaute eraikinak Euskal Mendizaletasunaren Museoa hartuko duela iragarri dute gaur. 2024. urterako izan nahi dute prest eta proiektuak udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek babesten dutela nabarmendu dute.

Museoak interes historikoa duten pieza eta dokumentu ugari bilduko dituela esan dute, hain zuzen, Emmoa fundazioarenak direnak. Fundazioko kideak, Euskadiko eta Nafarroako Mendi Federazioekin batera, denbora zeramaten museo egonkor bat kokatzeko leku bila eta Tolosarekiko interesa adierazi zioten udalari. Horren harira, Tolosako alkateak, Olatz Peonek, eskerrak eman dizkie Tolosa aukeratu izanagatik, gogoraraziz Tolosa «museoa jartzeko lekurik onena» dela, eta adierazi du Tolosa mendizaletasunari oso lotua dagoen herria dela. «Mendiari lotutako hainbat ekimen antolatzen dira urtean zehar, arrakasta izugarria dutenak gainera, horregatik uste dugu proiektu oso interesgarria eta egokia dela herriarentzat zein herritarrentzat eta ziur gaude tolosarrek asko estimatuko dutela».

Txomin Uriarte Emmoa fundazioko presidenteak ere egindako lanaren emaitza moduan aurkeztu du Tolosako Arkaute etxean museoarentzat lekua izatea. Era berean, Euskal mendizale Federazioko lehendakaria den Zigor Egiak euskal mendizaletasunarentzat «egun historikoa» dela esan du: «Bazen garaia euskal mendizaleok gure museo bat izateko. Federazioek eta erakundeek zor genion zerbait euskal mendizaletasunari eta errealitate bihurtuko da». Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Deferakundeko lehendakariak, Martin Montañesek, museoa «euskal mendizaletasunaren erreferente» izan dadila eskatu du.

Arkaute museo bilakatzeko prozesua dagoeneko martxan

Honenbestez, Arkaute etxea izango da Euskal Mendizaletasunaren Museoaren kokalekua eta udalak egokitzeko obrak egiteko baliabideak jarriko ditu. Zentzu horretan, 2023. urteko aurrekontu proiektuan aurreikusi dute diru partida bat. Udalak oraingoz, eraikineko teilatua berritu du. Emmoa fundazioak dagoeneko museo-proiektua garatu du eta Euskal Federazioak obra-proiektua egiteko konpromisoa hartu du bere gain. Asmoa da, 2024. urterako museoak ateak zabaltzea, bat eginez Euskal Federazioaren 100. urteurrenarekin eta XIV. Orduak mendi ibilaldiaren ospakizunarekin.

Gaur eguerdian, Tolosako Udalean ordezkaritza duten alderdietako zinegotziek, Emmoa fundazioak, Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeak dokumentu bana sinatu dute, museoa helburu hartuta, prozesuari ekiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!