Gurpilen gainean ziztu bizian

Ataria 2022ko aza. 23a, 18:00

Igande honetan VII. Irristaka Indoor Sari Nagusia izango da jokoan Tolosako Usabal kiroldegian, Irristaka taldeak antolatuta.

Beñat Azurmendi Irristaka taldeko kideak azaldu duenez, sendotuta dagoen txapelketa da: «Ilusioa dugu, hor jarraitzen dugu zazpigarren urtez eta lasterketak ikusteko gogoz gaude». Goizeko bederatzietan hasiko dira patinatzaileak beroketa lanak egiten eta 09:30ak aldera hasiko dira probak. Hiru mailetan banatu dituzte parte hartzaileak, eta hor izango da aurtengo berrikuntzetako bat, maila bat erantsi dutelako. Gazteen maila 15 urte artekoa izango da eta hortik gora senior mailakoak izango dira. Seniorretan master kategoria txertatu dute aurten lehenengo aldiz, gorengo mailan aritzen ez direnei parte hartzeko aukera emanez. Orokorrean maila handiko lehiak ikusiko direla esan du Azurmendik, eta Espainiako Txapelketan lehiatzen diren irristalariak izango direla nabarmendu du: «Seguru lasterketa politak ikusiko ditugula».

Hiru proba mota izango dira, bi banaka eta bat erreleboka. Banaka, batetik, abiadurazko proba izango da, pistari lau itzuli emanez. «Sekulako abiaduran aritzen dira patinatzaileak», esan du Azurmendik. «Hain karrera motzak izanik, parekotasun handia dagoenetan aurreraketak ikusgarriak izaten dira». Bestalde, aurtengo beste berritasuna proba luzeago bat jarri dutela izan da: hamabi itzuli emango dituzte proba horretan. Horrez gain, erreleboka ere egingo dute beste proba. Azken horretan, txanda ematerakoan abiadan doan taldekideak besteari bultzada ematen dio, daraman abiadura besteak aprobetxatzeko.

Txapelketa osoak 13:00ak ingurura arte iraungo du eta Azurmendik deialdia egin die herritarrei Usabal kiroldegira joan eta patinajearen ikusgarritasunaz gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!