Hainbat proposamen EH Bilduren eskutik, 2023ko aurrekontua «hobetzeko»

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 22a, 16:54

Tolosako EH Bilduk datozen urteetako erronkei aurre egiteko neurriak proposatu ditu; besteren artean, Zumardi txikia «berreskuratu» nahi dute.

Tolosa «bizigarri eta atseginagoa» posible ikusten du Tolosako EH Bilduk, eta jasangarritasuna ardatz, datozen urteetarako erronkei aurre egiteko neurriak proposatu ditu, aurrekontu proposamena eginez, «udal gobernuaren aurrekontu ez nahikoak hobetzeko, eta tolosarron beharrak benetan asetu eta ongizatea handitzeko».

Elikadura burujabetza, energia jasangarrien sorkuntza, baliabideen optimizazioa, mugikortasun jasangarria, hirigintza garapen orekatua, hiri ekonomiaren iraunkortasuna eta klima aldaketari begirako erresilientzia oinarri dituen Tolosa eraiki nahi dutela esan du Andu Martinez de Rituerto, EH Bilduko bozeramaileak.  

Egitekoen artean kokatu dute Zumardi txikia herritarrentzat berreskuratzea, «aparkalekuen arazoari irtenbidea bizilagunekin batera adostu ondoren, eta espazioaren izena eta izana galdu gabe». 

Kontuan hartu dute Alde Zaharreko bizilagunei eragiten diela bereziki aldaketa horrek eta Martinez de Rituertok gehitu du Alde Zaharrak esku hartze «integrala» behar duela, bizitzeko «atseginagoa eta erakargarriagoa» izango dena. «Hondamendi egoeran dauden eraikinei irtenbidea emango diegu zerbitzuak eskainiz eta mugikortasun arazoak arinduz, eta lokal hutsei ere helduko diegu, alokairua prezio eskuragarrian jarriz, eta horrela, ekintzailetza bultzatu eta bertako merkataritza hiri ekonomiaren motor bezala berreskuratuko dugu». 

Zentzu berean, etxebizitzen ereduak eta prezioek jendartearen beharrei ez dietela erantzuten argi dute, beraz, zenbait neurri hartu nahi dituzte: etxebizitza hutsak merkaturatzeko udalak «pizgarri handiagoak» emango ditu, hauek «birgaitu eta alokairu sozialean jartzeko». 

Bestalde, etxebizitza komunitarioen aukera desberdinak proposatu nahi ditu EH Bilduk: «Gazte zein helduentzako etxebizitza komunitarioak, espazio amankomunekin». Horrez gain, udal orubeen lagapenak eginez, etxebizitza kooperatiboak eraikitzeko prozesua abiatu nahi dute.  Proposamen horretarako lekurik aproposena San Esteban auzoa dela esan du Martinez de Rituertok. «Bertan garapen urbanistiko orekatua bultzatuko dugu, auzotarren eskariei helduz, libre dauden orubeak txukunduz eta mantentze lanak eginez».

Hor, aparkalekuen arazoa arintzeko, lehen aparkaleku disuasorio desmuntagarria instalatzea aurreikusi dute, tolosar zein bisitarientzat. «Eremu ezberdinak aztertu beharko dira, baina instalazio horrekin 80 aparkaleku gehiago izango genituzke», esan du Ander Figerido zinegotziak. «Horrek aurrerago altura gehiago emateko aukera ematen du, edo beste toki batzuetan jartzekoa». 

Proposamen gehiago

Merkataritza biziberritzeko eta tokiko kontsumoa bultzatzeko neurriak ere hartu nahi ditu EH Bilduk: «%0ko intereseko mikrokredituak eta diru laguntza lerro berri bat jarriko ditugu martxan, eta saltokien digitalizazio prozesuan aholkularitza zerbitzua eskainiko dugu». 

Lehen sektorea indartzea ere bada asmoa. Horretarako, agroekologiaren garapenerako landa lur ez urbanizagarrien identifikazioa eta azterketa egingo dute, eta Tolosaldea Garatzen, Tolomendi, Eliker eta lehen sektoreko eragileekin elkarlanean estrategiak garatzeko prestutasuna azaldu dute. 

Klima aldaketari begira ere jarri da EH Bildu. «Burujabetza energetiko ahalik eta altuena helburu», energia berriztagarriak sortzeko aukerak aztertuko dituztela eta pobrezia energetikoari aurre egiteko neurriak hartuko dituztela esan dute. 

«Inor atzean utzi gabe», Zutani elkartearen diru laguntza handitzeko asmoa erakutsi du bozeramaleak, hozkailu solidarioa ekimena martxan jarri eta elikagaien xahuketa murrizteko proiektuak zabaltzearekin batera. 

Tolosa «herri dinamikoa» izatea helburu, auzo elkarteetarako diru laguntzak handituko dituztela esan dute, eta herrian egiten ari diren deliberazio prozesuarekin duten «konpromisoa» dela eta, bertan ateratzen diren proposamenak gauzatzeko diru partida ziurtatuko dutela ere gehitu dute. 

INBERTSIOAK

  • Zumardi Txikia berreskuratzeko lanak: 300.000 euro.
  • Altuerako aparkaleku disuasorio desmuntagarria: 500.000 euro.
  • San Esteban berroneratzea: 500.000 euro.
  • Alde Zaharra birgaitzeko plan integrala: 60.000 euro.
  • Etxebizitza plana: 400.000 euro.
  • Lehen sektorea indartzeko plana: 100.000 euro.
  • Jasangarritasun energetikoa: 150.000 euro.
  • Natur ingurunearen erresilientzia handitzeko neurriak: 100.000 euro.
  • Osasun emozionala, deliberazio prozesua: 50.000 euro.

DIRU LAGUNTZAK

  • Merkatari, ostalari eta autonomoen babesa: 300.000 euro.
  • Gizarte babeserako proiektuak: 200.000 euro.
  • Pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntzak: 100.000 euro.
  • Auzo elkarteei diru laguntzak handitu: 18.041 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!